Emakumeak ari dira bere lekua egiten kirol munduan. Baita hasiera batean hain ohikoak ez diren kiroletan ere. Pilotan, adibidez. Pasa den santelmotan emakumezkoen pala partida ikusteko aukera izan zen Odieta frontoian. Zumaiako Kirol Elkartea ere lanean ari da bide horretan: neska talde bat ari da palako ikasgaiak jasotzen.
Aurtengo ikasturte hasieran hasi ziren palako ikastaroekin. Bi talde osatu genituen: alebinetan bat eta infantiletan beste bat. Ostiralero edukitzen dituzten entrenamenduak: 17:00etatik 18:00etara alebinekin eta 18:00etatik 19:00etara infantilekin. Lehendabiziko sorpresa Gabon inguruan izan zuten. “Deban txapelketa txiki bat egon zen eta Zumaiatik 4 neska animatu ziren: hiru alebin eta infantil bat. Txapelketa hau, Zumaiako Eire Salegi alebinak irabazi zuen eta txartela lortu zuen Gipuzkoako banakako txapelketa azkar batean jokatzeko. Txapelketa azkar hau, Donostiako Atanon izan zen eta Eire Salegik emaitza bikaina lortu zuen bertan: bigarrena gelditu zen sailkapen nagusian”, dio Enrike Mendizabalek, neska hauen arduradunak
Otsailean binakako txapelketa hasi zen eta Zumaiatik bi talde osatu zituzten: Zumaia A eta Zumaia B. Zumaia A taldea Nekane, Zoihartze eta Enarak osatzen dute; Zumaia B taldea, aldiz, Eire, Amaiur eta Maialenek. “Txapelketa honek maila handia izaten du, bertan hainbat herri txikitako neska askok hartzen baitute parte. Hau honela izanik, Zumaia B taldeak finalerdietara iristea lortu zuen. Finalerako txartela ezin izan zuten lortu, Oiartzunen aurka 20 eta 10 galdu baitzuten. Hala ere, gure neskak izugarrizko maila daukatela erakutsi ziguten txapelketa osoan zehar”.
Zumaia A taldeak ere maila polita erakutsi zuen eta sailkapen nagusian erdialdean geratu ziren.
