Ekhiñe Eizagirre zarauztarra atxilotu dute Frantzian

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 7a

berria.info Guardia Zibilak Eizagirreren Zarauzko etxea miatu zuen 2010eko otsailean. Leire Ventas Ekhiñe Eizagirre  atxilotu dute Frantzian,  Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean egindako operazioan. Albiste agentziek jakinarazi dutenez, ETAko talde logistikoko kide izatea egotzi diote zarauztarrari. Harekin batera atzeman dituzte Raul Aduna gasteiztarra, Antonio Goikoetxea tolosarra, Barrundiako Igor Uriarte eta Arrasateko Julen Mendizabal eta Kepa Artauz. Ustez Elosa taldea osatzen dute seirek, eta etakideei sasian izateko behar duten laguntza emateaz arduratzen da. Espainiako Barne Ministerioak zehaztu duenez, polizia operazioa Paris hego-mendebaldean (Blois herrian), Limoges hegoaldean (Brive-la-Gallarden) eta Montepellierren egin dute. Sei atxilotuen etxeak miatzen ari dira. Atxilotu gehiago egon litezke polizia iturrien arabera. Frantziako Barne Ministerioak ohar baten bidez atxiloketak baieztatu ditu, "zelula klandestinotako kide aktiboak" direla eta horietako bost pertsona bilatuenen zerrendan zeudela gaineratuz. "Espainiako Euskal Herriarekin lotuta eboluzio positiboak izan diren arren, gure lurralde nazionalak erakundearen egitura klandestinoetarako atzeragoardia logistiko eta militarraren oinarri izaten jarraitzen du", esan du oharrean. Manuel Valls Barne ministroa pozik agertu da atxiloketekin, eta Frantzia eta Espainiaren arteko harreman onak nabarmendu ditu. "Kolaborazio hori ETA desegiten den arte gure lurraldean jarduera klandestino eta legez kanpokoak mantentzen diren bitartean izango dugu", esan du. Espainiako Gobernuko Barne Ministro Jorge Fernandez Diezek 13:00etan egingo du agerraldia, Madrilen. Hori dela eta, gaur 19:30ean asanblada informatiboa egingo dute Zarautzen eta ondoren manifestazioa Musika Plazatik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide