280 ikaslek Urola bailarako lan aukeren gaineko prozesuan hartuko dute parte

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 7a

Urola Erdiko bost ikastetxetako DBH 4ko eta Batxilergoko 280 ikasle inguruk etorkizunean bailaran sortu daitezkeen lan aukerak ezagutzeko prozesuan hartuko dute parte. Ekimena Loiola Berrikuntza Ezagutza Gunearena da, Gerolan programakoa. Gerolan proiektuko saio batean parte hartu duten ikasleak. (Argazkia: Loiola Berrikuntza) Programaren helburua bailararen egungo egoera sozioekonomikoaren berri ematea da, baita eragileak ezagutaraztea ere. Horrekin batera, eskualdeko etorkizuneko balizko erronken eta aukeren inguruko informazioa erraztuko diete prozesuan parte hartzen duten ikasleei, «ikasketak edo lanbidea aukeratzerako orduan baliagarria izan daitekeen informazioa eskuartean izan dezaten», azaldu dute Loiola Berrikuntzatik. Prozesuan landuko duten gai nagusia industria sektorea da. Sektore horretan zentratuta, etorkizunera begira eskari handiena izango duten langileen soslaiari buruzko informazioa emango diete ikasleei. Bestalde, konpetentzien artean, taldelana, ekintzailetasuna edota etengabeko prestakuntzaren garrantziaz ere ariko dira prozesuaren barruan. Bailarako Juaristi TSCO eta Alberdi Mekanizatuak SL enpresetara bisitak egingo dituzte ikasleek. Proiektu berritua Datorren ikasturtean ikasleei zuzendutako programa hau «beste ikuspegi batekin» lantzeko konpromisoa hartu dute lau ikastetxek; Azkoitiko Xabier Munibe Ikastolak, Floreaga Salestar Ikastetxeak, Iraurgi Ikastetxeak eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrik, hain zuzen ere. Datorren ikasturtean ikasleak protagonista bihurtzea izango dute helburu laurek, «programan bertan jasotzen duten informazioa eta materiala euren kabuz bilduz eta egituratuz». Programa berrituaren helburu zehatzak hauek izango dira, besteak beste: etorkizunera begira giltzarri diren konpetentzien garapenean jardutea, eta ikastetxeek euren artean elkarrekin ikasteko eta esperientziak partekatzeko espazioak garatzea. Datorren ikasturterako proiektu berritua adosteko, joan den martxoaren 18an lau ikastetxeetako ordezkariak eta Ezagutza Guneko teknikariak bildu ziren. «Orduan prozesua planifikatzen  lagunduko duten pauta komunak zehaztu genituen», azaldu dute ordezkariek. Lantaldeak ekaina bitartean ekintza plana definituko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide