Lizentziadunek eska dezakete jada nazioartekotzearen inguruko beka

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 6a

Kudeaketa komertzialaz egiten ari diren ikastaroa. (Argazkia: Loiola Berrikuntza) Loiola Berrikuntza Ezagutza Guneak aurtengo Nazioartekotzeko Beken Programa deialdira aurkezteko epea maiatzaren 20ra artekoa dela azaldu du. Laguntza programaren helburua unibertsitateko gazte tituludunak nazioartekotze alorrean prestatzea da. Beka deialdira lizentziadunak aurkeztu daitezke, info@loiolaberrikuntza.org edo 943 854011 telefono zenbakira zuzenduta. Nazioartekotzearekin lotutako ikastaro bat ere abian dute Loiola Berrikuntzak eta Gipuzkoako Merkataritza Ganberak, Urola Erdiko Enplegu Planaren barruan. Apirilaren 22an hasi zen ikastaroan bailarako hamabost lagun ari dira parte hartzen. Loiola Berrikuntzatik azaldu dutenez, Kudeaketa komertziala eta internazionalizazioa ikastaroan parte hartzen ari direnek bi baldintza betetzen dituzte: langabetuak dira, eta Urola Erdian erroldatuta daude. Baina ikastaroan parte hartzeko aukeraketan beste gaitasun batzuk ere balioetsi dituzte; hala nola, ingenieritza, enpresa-zientziak edota giza zientziak-enpresako ikasketak eginda izatea; edo, gaitasun komertziala izatea eta ingeleseko eta frantseseko maila altua izatea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide