Azpeitiko XIV. Rallysprintean 55 gidari lehiatuko dira, eta ez dago faboritorik

Nerea Uranga 2013ko maiatzaren 3a

Azpeitiko Rallyko antolatzaileak eta herriko gidari batzuk, aurkezpenean. (Ane Olaizola/Hitza) Lagun Arte Eskuderiak antolatuta, Azpeitiko XIV. Rallysprinta jokatuko da bihar arratsaldean. Euskal Herriko Txapelketarako eta Gipuzkoako Txapelketarako laugarren proba puntuagarria izango da Azpeitikoa, eta aurten 55 auto-gidarik hartuko dute parte. Maykel del Cid rallyko zuzendariak, Angel Gurrutxaga Euskadiko Federazioko Lehendakariak, Iñigo Cuesta Gipuzkoako Federazioko Presidenteak, Iñaki Alberdi gidariak eta Manuel Unanue Azpeitiko zinegotziak aurkeztu dute proba. Lehiakide kopuruagatik ez ezik, gidarien kalitateagatik ere «oso gustura» azaldu dira antolatzaileak. Biharko lasterketa irabazteko faborito garbirik ez dagoela nabarmendu dute, baina horretarako aukera dutenak «asko» direla gehitu, eta guztien artean «ikuskizun polita» eskainiko dutelakoan dira. «Podiumera iristeko borroka ikusiko dugu hainbat  auto klaseren artean. Erakargarria izango da», adierazi zuen Cuestak aurkezpenean, atzo. Alberdiren arabera, berriz, «edonork» irabaz lezake. «Ibilbide polita da, eta auto handiek lehenengo kilometroak oso azkar egingo dituzte. Ondorengo bidea bihurgune askokoa da, eta auto txikiak hobeto moldatuko dira eremu horretan». Ohiko ibilbidea izango du lasterketak, eta Landetatik abiatuta, Benta Berriko bidegurutzera joango dira autoak, eta handik Etumetara. Alberdi izango da Azpeitiko Rallyan parte hartuko duen gidarietako bat, Jorge del Cid alboan duela. Honez gain, Joxe Labakak hartuko du parte, Eli Bergararekin (Mitsubishi EVO). Iazko irabazlea da Labaka, eta egun Euskal Herriko txapela du. Aurrez aurre izango dituzte Jon Davoz eta Vicky Gorriz (Mitsubishi EVO), Iban Tarsizio eta Iñigo Fernandez (Mitsubishi EVO), Iker Gayoso eta Diego Fernandez (Mitsubishi EVO IX N+) edota Josetxo Zapiain eta Juan Luis Sarasola (Renault Maxi Megane). Azpeitiak ordezkaritza zabala izango du; hala nola, Jokin Aiertza-Aitor Otaegi, Gari Zubizarreta-Natalia de Dios eta Urtzi Oteiza-Janett Uzkudun ere lehiatuko dira. Iraitz Olariaga-Mikel Madinabeitia bikote azkoitiarra, Jon Albizuri gidari azkoitiarra eta Gurutz Eizagirre eta Andoni Egiguren errezildarrak ere lehiatuko dira. Gunea errespetatzeko deia 10:00etan egingo dituzte egiaztatze administratibo eta teknikoak, Garoa kafetegian eta Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan. 13:45ean parte hartzaileek azken jarraipenak jaso ondoren, 14:00etan Antzibar poligonora abiatuko dira, eta lehenengo manga 15:00etan hasiko da. Ikusleek hiru gunetan aparkatu ahal izango dute; Azpeitiko Landeta poligonoan, Aizarna eta Erdoiztara jaisten diren bidean eta Benta Berriko bidegurutzetik Errezil aldera doan errepidean. Azken hau, ordea, lasterketako errepidea itxi ondoren soilik erabili ahal izango da. Antolatzaileek errepidea 13:00ak inguruan ixtea aurreikusten dute. Horiek azpimarratu zuten debekatuta dagoela lasterketako eremu osoan aparkatzea, eta hala eginez gero, garabiak eramango dituztela ohartarazi dute. Antolatzaileek dei berezia egin die herritarrei leku seguruetan erabili daitezela eta ezarritako jaraibideak errespetatu ditzatela. Era berean, mendia eta baserritarren eremuak zaindu ditzatela eskatu dute. Lasterketa internet bidez jarraitu ahal izango da, www.lagunartea.com edo www.fotomotor.es helbideetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide