Corrugados Lasaoko langileek atzo agerraldia egin zuten lantegian bertan. (Nerea Uranga/Hitza)
Corrugados Lasaotik 38 langile kaleratuta, «enpresa ixteko arrisku larria» aurreikusten dute bertako langileek. Joan den apirilaren 23an Alfonso Gallardo Taldeak 68tik 38 langile kaleratzeko proposamena aurkeztu zion Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeari; Corrugados Azpeitiatik langile denak kaleratzeko eta taldeko beste bi enpresetan lanpostuak murrizteko asmoa ere azaldu zuen zuzendaritzak. Lasaoko enpresaren galbidea Gallardo Taldea bera bideratzen ari dela diote langileek eta ez daude amore emateko prest. Lasaoko plantak merkatua eta etorkizuna baduela nabarmendu du bertako Enpresa Batzordeak.
Gallardo Taldearen erabakia ez da egun batetik bestera hartutakoa. Corrugados Lasaoko langileen ustez, «gainera ez da Gallardok emandako arrazoi politetan eta koherentetan» oinarritzen. Lasaoko plantako langileek atzo egindako agerraldian hala azaldu zuten atzo: «Honen guztiaren atzean erabaki organizatibo argi eta garbia dago, eta azkenaldian gertatutako hainbat kontuk zer pentsatua eman digu».
Langileak kaleratzeko hartutako erabakia arrazoitzeko enpresak Espainiako merkatua aipatzen duela esan dute Lasaokoek. «Baina, datuak eskuartean, argi eta garbi, Corrugados Lasaoren merkatuaren %70 Espainiatik kanpo dago, batez ere Frantziako Estatuan». Horren erakusle, 2011n 64 milioi euro fakturatu zuen Lasaoko plantak; 19,8 Espainian eta 44,4 Frantzian. Iaz, 43,7 milioi euro fakturatu zuen; 6,8 Espainian eta 36,8 Frantzian.
Lasaoko enpresa eraikuntzaren gainbehera hasi zenean «tinko» mantendu zela nabarmendu dute Enpresa Batzordeko ELAko ordezkari Imanol Larrañagak eta LABeko Mikel Sasiainek. «Lan karga handiarekin segitu genuen, ikaragarrizko ekoizpen ratioarekin».
Gaur egungo egoera «benetan ulertezina» egiten zaie langileei. «Enpresak merkatua duela uste dugu, eta benetan hau onartuko dutela uste badute, jai dute gurekin».
Galerak izatera bideratua
2012 urtearen bukaeratik gaur egunera arte enpresak Lasaoko lantegira materialik ez duela eraman nahi izan salatu dute langileek. «Enpresak ez du materialik ekarri nahi izan, eta langileok berdin-berdin mantendu gaitu lantokian, ia lan kargarik gabe». Enpresak, «sarritan» materiala «dezente merkeago» ekartzeko au-kera izan arren, horri uko egin diola ere salatu dute langileek. «Arrazoi ekonomikoak justifikatzen laguntzeko izan ote da?».
Corrugados Lasaok 2010 eta 2011 urteetan irabaziak izan arren, iaz galerak izan zituen, «materiala ez ekartzea erabaki izanaren ondorioz». «2011n ikaragarri fakturatu genuen, 64 milioi eurotara iritsiz, eta hartu zituzten erabakiak hartu ez balituzte, modu berean edo antzeko jarraituko luke gure enpresak», gaineratu dute langileek.
Orain Gallardok Lasaoko 38 familia langabezian utzi nahi dituela salatu dute. «Gallardo Taldearen makinaria zapaltzailea ez da hor gelditzen, gainera. Bertan geldituko diren langileek ere etorkizun iluna izango lukete». Gallardok bideragarritasun planik ez duela azaldu eta neurri zorrotzak hartzen segitu beharko duela aurreratu diote langileei. «Beste hitz batzuetan esanda, Lasaoko planta ixteko arrisku larria aurreikusi genezakeela esan dezakegu».
Atzotik mobilizatzen
Kaleratzeen gaineko Lana Erregulatzeko Txostena Madrilen kudeatu nahi izana ere «ez da kasualitate hutsa», Lasaokoen ustez. «Negoziaziorako esparru naturala deuseztu, eta mobilizaziorako indarrak ahuldu nahi dituzte, dena euren erara zentralizatuz».
Gallardo Taldeak eragindako egoera gordina geldiarazteko ahalegina egiteko eskatu diote erakunde publikoei. Horrez gain, langileak mobilizazioekin euren bidea egiten hasiko dira. Egoerak jarraitu bitartean asteartero eta ostegunero enpresa aurreko errepidean elkarretaratzeak egingo dituzte, 13:30etik 14:30era artean.