Gutuna: Eman hartu nahi duzun mundua

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 2a

EMAN HARTU NAHI DUZUN MUNDUA

Azken sei hilabeteetan, auzoz auzo ibili gara “Zero zabor Atez Atekorik gabe posible al da?” hitzaldia ematen. Hitzaldi zikloa 2012ko azaroan Azken Portu auzoan hasi eta apirilean alde zaharreko Dotorekua etxean bukatu dugu, tartean Vista Alegre, Iñurritza eta Mitxelena auzoetatik pasaz. Vista Alegre auzoan izan ezik, hitzaldietara etorritako bataz besteko herritar kopurua 22 lagunekoa izan da eta hauek oso giro onean garatu dira, kezkak, zalantzak, aldeko eta aurkako iritziak mahai gainean jarriz eta eztabaidatuz.

Hitzaldi zikloaren helburua, hondakinen inguruko eztabaida datu eta emaitzetan oinarrituta ematea zen neurrian, helburua betetzat ematen dugu. Gaur egun inor gutxik jartzen du zalantzan, hondakinen gaikako bilketan emaitza txukunak lortu nahi badira derrigortasuna eta kontrola beharrezkoak direla.

Datozen egunetan, hitzaldi zikloak lekukoa MUNDUmob ekimenari emango dio. MUNDUmob Gipuzkoa Zero Zaborrek antolatutako ekimena da, hilabetez luzatuko da, maiatzaren 4an Oreindainen hasi eta Gipuzkoako herrietatik pasa ondoren ekainaren 8an Donostian bukatuko dena. Ekimenaren mezua EMAN HARTU NAHI DUZUN MUNDUA da eta mezu hau landu eta zabaltzeko mundu bola eta dantza erabiliko dira, hortik MUNDUmob izena.

Zarautzen maiatzaren 19an ospatuko dugu MUNDUmob kalejira, hortaz ekimenarekin bat egiten duzuen guztiok gonbidatuta zaudete bertan parte hartzera. Ekimenaren berri eta deialdiak hurrengo egunetan izango dira, bien bitartean adi egon eta EMAN HARTU NAHI DUZUEN MUNDUA.

 Saioa Urdanpilleta. Zarautz Zero Zabor.

 

Zarautz Zero Zabor

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide