Udalbatzak ez du adostasunik lortu Etxeluzearen erosketaren inguruan

Urola Kostako Hitza 2013ko maiatzaren 1a

Astearte iluntzean Orioko udaletxeko areto nagusian ohiko udalbatzarra egin zen, eta izan zen zinegotzien artean eztabaida sortu zuen gairik. Izan ere, hasiera batean Etxeluzea eraikina erosteko erabakia 2012ko abenduaren 26an hartu bazen ere, udal taldeak ez dira adostasun batera iritsi, eta gaztetxea dagoen eraikinaren gaia mahai gainean geratu zen. Bestalde, Orain plataformako bi zinegotziek jakinarazi zuten aurrerantzean «alderdikerietan oinarrituta» aurkezten diren mozioek euren ezezko botoa izango dutela. Etxeluzearen salneurria 2012ko abenduaren 26an egin zen ezohiko udalbatzarrean Orioko Udalbatzak onartu zuen Etxeluzea eraikina 135.975 eurotan erostea; horietatik 80.000 euro 2012ko aurrekontutik ordaintzea erabaki zen, eta gainerako 45.975 euroak 2013ko udal aurrekontuaren kargura. Horretaz gain, onartu zen saltzaileari 21.000 euro ordaintzea salerosketaren aurrerapen gisa. «Puntu honetan dago aldaketa, tasazio prezioari 21.000 euro gehitu behar zaizkiolako. Beraz, behin betiko prezioa 156.975 eurokoa izango da», azaldu zuen Orioko Udaleko idazkari Jon Karrerak. Obra eta Zerbitzu batzordeburu Amaia Dorronsorok udalbatzarrean argitu zuenez, «Etxeluzearen jabearekin negoziazioak egin ondoren adostu zen salneurria 156.975 eurokoa izango zela. Horretarako kontuan hartu genuen eraikinaren tasazioa, 135.975 eurokoa, eta hortik abiatuta 156.975 euroko prezioa zehaztu genuen kontzeptu desberdinengatik. Aurrekontuetan ere prezio hori dago ezarrita, baina diktaminatzerakoan ez genuen kontuan hartu behin betiko prezioa, tasazioarena baizik. Horregatik ekarri dugu berriz udalbatzarrera». EAJren udal taldeak bere desadostasuna azaldu zuen gai honen aurrean. Etxeluzearen prezioa zehazterakoan erabilitako formulazioarekin ez du bat egiten, udalbatzarrean azaldu zutenez. «Erabileragatik tasazioari gehituko zaizkion 21.000 euroak alokairu kontzeptuan izango al dira?», galdetu zuen Noemi Ostolaza EAJko zinegotziak. Udaleko idazkari Jon Karrerak azaldu zuenez, Udalak ez du inolako kontraturik sinatu etxejabearekin urte hauetan Etxeluzeaz egin den erabileragatik, eta «horregatik alokai- ruaren formula ezin da erabili». 21.000 euroren izaeraren inguruko desadostasun horregatik gaia mahai gainean uztea proposatu zuen EAJ udal taldeak. «Abenduaren 26ko udalbatzarrean baiezkoa bozkatu genuen, baina prozedura egokia jarraitzen ari ginela ziurtatzeko idazkariaren bermea eskatu genuen. Ez dugu inolako erantzunik jaso, eta horregatik eskatu nahi dugu gaia Ogasun batzordean eztabaidatzea eta bere garaian eskatu genituen tasazio eguneratua eta txosten juridikoa ikustea», azaldu zuten EAJko ordezkariek. EAJren erantzunak zeresana eman zuen udalbatzarrean, eta udal zinegotzien arteko eztabaida sortu zen. Azkenean, EAJk eskatuta gaia bozketa atzeratzea erabaki zuten udal taldeek. EAJren aldeko botoekin, Orain-en abstentzioarekin eta Bilduren ezezkoarekin gaia mahai gainean geratu zen. EAJk adierazi zuen tasazio eguneratua jasotzen dute- nean eta «21.000 euroak Etxeluzearen alokairu kontzeptuan ordaintzea proposatzen denean» emango diotela baiezkoa Etxeluzearen erosketari. Orainek ez mozioei Bestalde, Orain plataformako kideek adierazi zuten aurrerantzean udalbatzarrean aurkezten diren mozioen kontra bozkatuko dutela. «Mozioetan aurkezten diren gaiak dagozkion batzordeetan eztabaidatu daitezke, eta guri oso garrantzitsua iruditzen zaigu gaiak eztabaidatu eta denon artean adostasunak lortzea» azaldu zuen Jose Angel Iparragirre zinegotziak. Oraineko kideen iritziz, mozio asko «alderdikerietan» oinarrituta aurkezten dira. «Alderdi batek mozio bat aurkezten duenean gainontzekook ez dugu %100ean ados egon beharrik. Mozioa zuzenean udalbatzarrera ekarrita, testu itxiak izaten direnez baiezkoa eta ezezkoa soilik eman daiteke. Gaia batzordeetan lantzen denean, berriz, negoziatu daiteke eta denon artean adostasun bat lortu. Mozioa alderdi baten izenean aurkeztu beharrean Udalbatza osoarenean aurkeztuko genuke», azaldu zuen Miriam Uranga Oraineko zinegotziak. Dena dela, Oraineko kideek jakin badakite herri eragileek Udaleko lan funtzionamenduan sartzen ez diren mozioak aurkeztu ditzazketela; horregatik horiek «salbuespen» modura tratatuko dituzte.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide