Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Eskualdeko ostalaritza arloko zortzi enpresak Mikropreben programaren bidez prebentzio planak landu dituzte. Azaroan murgildu ziren ekimenean eta apirilean amaitu dute. Urola Kostako Udal Elkarteko ordezkariek adierazi dutenez, programaren helburua hamar langile baino gutxiago dituzten enpresek lan-arriskuak kudeatzea eta prebentzio-planak egitea zen.
Mikropreben programak bi helburu ditu. Batetik, enpresei lan arriskuen inguruko prestakuntza ematea du xede. Eta bestetik, aholkularitza eta laguntza ematea arduradunei, beren enpresako prebentzio plan zehatza egiteko.
Aurtengoa Mikropreben programa abiatu duten hirugarren edizioa izan da, eta hasieratik 23 enpresatako 24 pertsonak parte hartu dute ekimenean.
Diagnosia
Urola Kostako Udal Elkartea 2008an konturatu zen eskualdean zerbitzuen sektoreko lan-istripuen kopurua industria sektorekoa bezain handia zela. Lan istripuetatik %40,33 industria arloan gertatu ziren, eta %38,52 zerbitzuen sektorean. Horren aurrean, udal elkarteak 2008an eta 2009an diagnosia egitea erabaki zuen, 10 langiletik beherako enpresetan lan arriskuen prebentzioa nola kudeatzen zen jakiteko.
Diagnosiak erakutsi zuen enpresa gehienek ez zutela gai hori lantzen, eta ez zutela prebentzio planik. Horren aurrean, Urola Kostako Udal Elkarteak Mikropreben programa jarri zuen
martxan Europako Gizarte Funtsareno Valora programaren bidez.