Pagoeta Mendizale Elkarteak Mendi jardunaldiak antolatu ditu, maiatzaren 2tik ekainaren 2ra. Hilabete osoan, ostegunero, hainbat ikus-entzunezko eskainiko dituzte elkartearen egoitzan (Santa Marina, 2-1), 20:00etatik aurrera. Borobiltzeko, Pagoeta Egunarekin amaituko dituzte jardunaldiak. Ekainaren 2an izango da hori.
Ikus-entzunezkoei dagokionez, ostegunean Zelanda Berriari buruz jardungo dute Iñigo Etxabe zarauztarrak eta Izaskun Pierola durangotarrak,
Ongi etorri Kiwien lurraldera! hitzaldian.
Hona hemen hilabeteko egitaraua:
- Maiatzak 2, osteguna. Ongi etorri Kiwien lurraldera! ikus-entzunezkoa, Iñigo Etxabe eta Izaskun Pierolaren eskutik.
- Maiatzak 9, osteguna. Munduan barrena bizikletaz ikus-entzunezkoa, Lorentxo Rojoren eskutik.
- Maiatzak 16, osteguna. Eskaladak Karakdrumen ikus-entzunezkoa, Mikel Zabalzaren eskutik.
- Maiatzak 23, osteguna. Kunsgleeden, Laponiako zeharkaldia eskiz ikus-entzunezkoa, Alberto Agirreazaldegiren eskutik.
- Maiatzak 30, osteguna. Harkaitz eta izotz eskaladak. Pirineoak, Alpeak, Mali, Madagaskar ikus-entzunezkoa, Unai Mendia eta David Lopezen eskutik.
- Ekainak 2, igandea. 54. Pagoeta Eguna.
- 08:00. Egunari hasiera emateko, herriko kaleetatik txistulariekin kalejira.
- 08:30. Pagoetara joateko, Guria tabernatik irteera.
- 11:30. Meza Pagoetako gurutze ondoan.
- Ondoren. Txistulari eta trikitilariekin erromeria jai giroan.
Ohiturari jarraituz, Pagoetara hurbiltzen diren guztiei salda eta zahatoko tragoxka eskainiko diete, doan, herriko harategi eta ardandegien eskutik. Era berean, pintxo, ogitarteko, plater eta edariak erosi ahalko dira.