Zestoako Udalak "zero zabor helburu" jardungo duela berretsi du Bilduk

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 26a

Zestoako atzoko udalbatzarra (Nerea Uranga). Atzo plenoa egin zuten Zestoako udaletxean. Hamabost bat herritar ere izan zen udaletxeko batzar aretoan. Udal ordezkariek bi gai zituzten udalbatzarreko gai zerrendan, baina hiru ordu laurden iraun zuen plenoak; eztabaida luzea, Zestoako EAJ-PNVko udal taldeak hondakinen bilketa sistemari buruzko herri galdeketa egiteko eskaeraren mozioak eragin zuen. EAJren mozioari ezezkoa eman zien Bilduko zinegotziek, baina galdeketa egiteko aukera baztertu gabe. Beti ere, herri galdeketa hondakinen birziklapenaren %70a bermatzen duten bilketa sistemen eta erraustegia baztertzen dutenen gainean egiten bada. Gaur egun, udaleko ordezkariek, herriko eragileek eta herritarrek parte hartzen duten Hondakinen Mahaia martxan dagoela gogorarazi zien Bildukoek EAJkoei. Mahaia sortu zenean EAJk uko egin zion mahaian parte hartzeko aukerari. Zestoako herritarren gehiengoa hondakinen bilketa sistemaren inguruko galdeketa egitetearen aldekoa zela zioten EAJkoek eta herriari hitza ematea eskatu zuten mozioan. "Zestoako EAJko udal talde honek, eskuartean dituen datuen arabera, garbi dauka herri honetako gehiengo handi batek hondakinen inguruko herri galdeketaren aldeko jarrera adierazten duela. Eztabaida honen katramilan sartu gabe eta zabor bilketari bakarrik lotuz (udalen eskuduntza hor bukatzen da), adierazi nahi dugu badagoela nahiko mami herritarren ahotsa entzuteko eta bere iritzia galdetzeko", azaldu zuen mozioa irakurriz Joxetxo Mendizabal EAJko zinegotziak. EAJkoek hondakinen inguruan Bilduk duen "erabaki inposagarria" ez dutela onartzen esan zuten plenoan, eta herritar guztiei eragiten dien "gai garrantzitsu bat" delako "herriari hitza" ematea eskatu zuten. Horretarako, hondakinen bilketa sistemaz galdeketa egitea eskatu zuten. Jeltzaleei erantzunez, Bilduko udal taldeak beste mozio bat aurkeztu zuen. Bilduren arabera, hondakinen inguruan lehen behin baino gehiagotan eman dute hitza zestoarrek, eta gaur egun herritarrek parte hartzeko aukera duten Hondakinen Mahaia martxan dago. Zestoako Udalak hondakinen %70etik gorako bilketa selektibo tasa bermatzeko konpromisoa hartuta daukala adierazi zuten Bildukoek, eta bide horretan, Udalak eragileekin batera Hondakinen Mahaia martxan duela. "%70eko helburu hori lortzen dela bermatzeko bitartekoa izango da mahaia, eta Udal honek, erabateko autonomia, garrantzia eta zilegitasuna ematen dio mahai horri, bertan erabakitakoak aintzat hartuko dituelarik", zioen Bilduren izenean Leire Etxeberria alkateak. Galdeketa egiteko prest daudela azaldu zuten Bildukoek, baina hondakinen %70eko bilketa selektibo tasa bermatzen duten bilketen eta erraustegirik beharko ez duten ereduen artean. Zestoako Udalaren helburua zero zabor dela berretsi zuen Ixiar Sagartzazu Bilduko zinegotziak, eta atez atekoa helburu hori lortzeko tresna dela. Zestoako EAJren mozioa BILDUren mozioa DATAK ETA DATUAK: 2004ko uztailaren 14a: Zestoako udalbatzarrak errausteari buruzko herri galdeketa egiteko erabakia hartu zuen. Hurrengo egunean, Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Integralaren Jarraipen Batzordeak Gipuzkoan ezarri nahi zuten bigarren errauste planta non jarri erabakitzeko bilera zuen. Gipuzkoako Foru Aldundiak proposatutako bederatzi lekuen artean Zestoaren aukera zegoen. 2004ko abenduaren 12a: Gipuzkoako Foru Aldundiak hiri hondakinen tratamendurako duen planarekin ados diren edo ez galdetuz herri galdeketa egin zuten Zestoan. "Zaborraren arazoaren aurrean, errausketan oinarritzen den Gipuzkoako Foru Aldundia eta Mankomunitateen planarekin ados al zaude?" galderari erantzun zien herritarren %60k. Horietatik %91k ezetz bozkatu zuten: 1.495 herritarrek ezezkoa eman zuten eta 137 herritarrek baiezkoa. Galdera, Urola Kosta Bizirik plataformaren eta Zestoako Udalaren artean adostu zuten. Euskal Herrian hondakinen kudeaketari buruz herritarrei aurreneko aldiz eman zitzaien iritzia emateko aukera. Garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak, Zestoan egindako herri galdeketa "pantomima" eta "perbertsio demokratikotzat" jo zuen. Atzo egindako plenoan, herritar batek, garai hartan aldundiak esandako hitz hoiek ekarri zituen gogora. 2012ko apirila: Zestoako udalbatzarrean herrian hondakinak atez ate biltzea erabaki zuten, Bilduko zazpiren aldeko botoekin; EAJko laurek kontra bozkatu zuten. 2012ko azaroa: Lehen auzo konposta edo konposta komunitarioko gunea jarri zuten martxan, herrigunean Zubimusu kalea eta Idiazpi auzunearen arteko aparkalekuaren ondoko belardian. Ordurako herriko lehen auzo-konposta gunerako 46 familiak zuten izena emanda. 2013ko otsaila: Zestoako Udalak, herriko eragileekin batera, Hondakinen Mahaia martxan jarri zuen. 2013ko martxoa: Aurreko urteko Zestoako hondakinen bilketako datuak eman zituen udalak: 2012an, 1.525.431,83 kilo hondakin sortu ziren Zestoan; biztanle bakoitzeko 417,49 kilo. Hondakinen %26,59 bildu zuten gaika."Gai honek ondorio ekonomiko larriak ditu. Bota dugun errefusagatik 138.000 euro ordaindu dugu, eta honi garraio eta bilketa zerbitzuaren kostua gehitu behar zaio", azaldu zuen orduan Leire Etxeberria alkateak. Zestoan edukiontzien bilketa sistema dago martxan, baina hondakin organikoak biltzeko edukiontzirik (bosgarren edukiontzia) ez dago, baina auzo-konposta guneak dituzte martxan. 2013ko martxoa: Zestoako EAJk Hondakinen Mahaia "antzerki hutsa" zela esan zuen publikoki, eta mahaian ez zutela parte hartuko. Bosgarren edukiontziaren alde egiten dutela eta atez atekoari ez esaten diotela berretsi zuten jeltzaleek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide