Maiatzaren 25ean Euskal Jai Eguna ospatuko dute Getarian eta horren baitan Getariako XIV. Trikitilari Gazteen Txapelketa antolatu dute. Lehiaketa 18 urte arteko gazteez osatutako bikoteei zuzenduta dago. Bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko dituela zehaztu dute antolatzaileek; Trikitia eta Pot-pourria eta hirugarren pieza Arin-arin, Fandango edo Porrusaldaren artean aukeratu beharko dute. Sei bikotek parte hartuko dute txapelketan eta deialdia irekia denez bikote gehiagok izena emango balute, kanporaketa egingo litzateke txapelketaren aurretik. Izena emateko azken eguna maiatzaren 15a izango da.
Epaimahaiak piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero-jolearen lana hartuko ditu kontutan bikoteak baloratzerakoan. Horretaz gain, derrigorrezkoa izango da oholtza gainera baserritarrez jantzita igotzea.
Sariei dagokionean, bikote irabazleak 250 euro jasoko ditu; bigarrenak 150 euro eta 3. sailkatuak 100 euro. Gainerako bikoteek 60 euroko ordain saria izango dute.