Astebeteko greba hasiko dute gaur zaharren egoitzetan

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 26a

Zumaiako egoitzetako eta eguneko zentroko langileak atzo elkarretaratzea egin zuten Oxford aurrean. (Gorka Zabaleta /Baleike) Astelehenetik aurrera, Gipuzkoako zaharren egoitzetako eta egunetako zentroetako langileek bost eguneko greba eta mobilizazioak egingo dituzte. Urola Kostako sektoreko langileek bat egin dute datorren asterako deitutako mobilizazioekin, baina zaharren egoitza guztietan ez dute egingo greba. Astelehenetik ostiralera greba egingo dutenen artean daude, besteak beste, Zumaiako San Juan Egoitza, Otezuri eta Eguneko Zentroko langileak. Zumaiako San Juan Egoitzako  Enpresa Batzordeko ELAko ordezkari Sonia Cardenalek hala azaldu du:«Sektoreko hitzarmena  ez badugu berritzen, lan erreformarekin soldata 400 euroan murriztuko digute, eta urtean 200 lanordu gehiago egin beharko ditugu». Gipuzkoako egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek hitzarmen berri bat sinatzeko negoziazioak iragan urrian hasi zituzten Adegi eta Laresekoekin. Baina Zumaiako egoitzako langileen ordezkariaren esanetan, ez da aurrerapausorik eman. Otsailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak sektoreko enpresa eta langileentzat proposamen bat egin zuen. ELAk eta LABek proposamena onartu egin dute, baina patronalak ez du onartu. Uztailaren 7rako hitzarmena ez badute berritzen, lan erreformaren ondorioz, Espainiako hitzarmen orokorra ezarriko zaie langileei. Horregatik, datorren asterako bost eguneko greba deitu dute. ELAk gainera, tartean aldaketarik gertatzen ez bada, maiatzaren 13tik aurrera lanuzte mugagabea deitu du. Baina tartean badira Gipuzkoako Foru Aldundiaren baldintzak onartu dituzten enpresak. Urola Kostan bertan badira horren adibideak. Besteak beste, Zestoako San Juan Egoitza Fundazioa aldundiaren baldintzak onartzeko eta sinatzeko prest azaldu da. Beraz, Zestoako San Juanen ez dute greba egingo, baina sektoreko lankideek deitutako mobilizazioekin bat egingo dute. Zaharren egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituen Biharko enpresak eta ELA, LAB eta CCOO sindikatuek, gaur Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan hitzarmena sinatzeko akordioa izenpetuko dute, Diputazioan. Biharkok, Azkoitiko San Jose egoitza eta eguneko zentroa eta Azpeitiko, Getariako eta Orioko eguneko zentroak kudeatzen ditu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide