Festa batzordeak antolatuta, Mus Liga egingo da lehen aldiz Orion, apirilaren 26an hasita. Auzoko festetan edota helburu bereziekin egin izan dira orain arteko txapelketak gurean: Goiko Kaleko festetan, Anibarko Portukoetan, Sanmartinetan, euskal presoen alde, Orioko Arraun Elkartea laguntzeko… Horiek guztiak hartuko ditu orain Mus Ligak.
Irekia izango da Liga, edonorentzako eta lau erregetara jokatu dira partidak. Lau hamarrekotara lau joko edo ustel egiten dituen aurrenekoak irabaziko du lehia.
Puntuak
Hilean behin izango dira saioak eta horietako bakoitzean eman beharko du izena parte hartu nahi duen bikoteak. Guztietan jokatzeko modurik ez duenak Ligan jarrai dezake, baina jardunaldi horretan punturik ez du jasoko. Gainontzean, saioetan parte hartu ahala eta izandako emaitzen arabera banatuko dituzte puntuak. Parte-hartzea bera saritua izango da: 10 puxtarri bikote bakoitzarentzat txapelketa normaletan parte hartzeagatik; jaietako txapelketetan aritzeagatik, berriz, 20 puxtarri. Horrez gain, 100 puxtarri emango dizkiete txapelketa bakoitzeko pare irabazleari ; 60 puxtarri bigarren sailkatuari; eta 30 puxtarri hirugarrenari. Dena den, txapelketa bakoitzak tokian tokiko araudi eta sariak izango ditu banatzeko.
Finala, Sanikolasetan
Bederatzi jardunaldiko Liga izango da aurtengoa. Sanikolasetako egitarauaren barruan jokatuko da azkena, finala. Denboraldia txukunen egin duten 16 bikote sailkatuko dira finalerako. Hona hemen txapelketen egutegia:
- Apirilaren 26an: Loretxun, Herrirak antolatuta.
- Maiatzaren 24an: Loretxun –Herrira–.
- Ekainean: Anibarko Portuko mus txapelketa, auzoko jai batzordearen esku.
- Uztailean: Bixigu Eguneko txapelketa.
- Abuztuan: Loretxu tabernan, Herrirak antolatuta.
- Irailaren 27an: Loretxu tabernan, Herrirak antolatuta.
- Urrian: Goiko Kaleko Mus Txapelketa, auzokoek antolatuta.
- Azaroan: Sanmartinetako Txapelketa, bailarako festa batzordeak antolatuta.
- Sanikolasetan: Mus Ligako finala.