Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
"Espainiako Auzitegi Konstituzionalak berriki kaleratu duen ebazpenaren aurrean, zeinak Aritz Labiano eta Haritz Gartxotenea herrikideei ezarritako zigorra baliogabetzen duen, Zarauzko Sortuk honakoa adierazi nahi du:
- Ebazpena beranduegi iritsi izana salatu nahi dugu, gure bi herrikideek urtebete pasa behar izan baitute Espainiako espetxeetan dispertsaturik.
- Bizi dugun babesgabetasun egoera salatu nahi dugu, non anonimo baten testigantza nahikoa den euskal herritar bat epaitzeko, eta are okerrago, espetxe zigorrera kondenatua izateko.
- Ozen kritikatu nahi dugu herriko beste hainbat alderdi politikoren isiltasuna, inolako oinarri juridikorik gabe gure bi herrikideak epaitu eta kondenatu zituztenean zein orain zigorra baliorik gabe geratu denean ere. Orain egun gutxi prentsara bidalitako ohar baten bidez gai izan ziren batu eta herritar baten errugabetasuna aho batez aldarrikatzeko, baina ez dira gai izan erantzukizun berarekin jokatzeko Labianoren eta Gartxotenearen auzian.
- Salatari anonimoaren salaketak zein haren antzeko jokabideak bukatzeko deia egin nahiko genuke. Gatazkaren konponbiderako irekitzen ari garen aukera honek erantzukizunez jokatzeko eskatzen digu euskal herritar orori, inora ez garamatzaten eta gorrotoan oinarrituta dauden jarrerak albo batera utziz. Horrela bakarrik lortuko dugu Espainiako Gobernuaren blokeo estrategia gainditzea eta konponbide justu baten aldeko bidean aurrerapausoak ematea".
Haimar Arozena. Zarauzko Sortu