[HITZA egunkarien gutuna] Joan den astean, Espainiako auzitegiek Segiko kide izateagatik zigortutako zortzi gazteei babesa emateko asmoz, elkartasun ekimen jendetsua egin zu ten Donostiako Bulebarrean. Hain zuzen, zigor politikoa jaso zutela salatzeko, eta euren atxiloketa saihesteko, ehundaka pertsona zigortutako lagunekin izan ziren gau eta egunez, erresistentzia pasiboa eta desobedientzia zibila oinarri. Testuinguru horretan, Ertzaintzak joan den ostiralean erabaki zuen Bulebarrean sartzea, zigortutako donostiarrak atxilotzeko helburuarekin, eta HITZA, beste hainbat komunikabiderekin batera, bertan izan zen albistea bertatik bertara emateko.
Ertzaintzak, baina, Bulebarrera iritsi bezain pronto, kazetarien lana oztopatu zuen, hasiera-hasieratik. Informazio gunetik urrundu zituen, eta, Argia aldizkariko kazetari Lander Arbelaitzen kasuan, kazetaria bera jipoitu zuen, nahiz eta kazetaria zela esan eta akreditazioa erakutsi. Arbelaitzek jasotako tratu larria gaitzesteaz gain, informatzeko eskubidea urratu dela salatu nahi dugu HITZA osatzen dugun komunikabide guztiok. Hain justu, gogoratzen dugu, bai Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eta baita gizarteari, prentsa profesionalari bere lana egiteko mugak ezartzeak ez duela inolako justifikaziorik joan den ostiraleko gertakarien kasuan. Honelako erabaki bat soilik justifikatuta dago kazetariek Poliziaren lana ez eragozteko edota beren burua arriskuan ez jartzeko; bada, baldintza horiek nekez izan dira Bulebarrekoaren antzeko gertakari baketsuetan.
Gizarte demokratiko batean, kazetariek askatasun osoz mugitzeko eskubidea izan behar dute, herritartasuna informatzeko duen eskubidea bermatzeko. Eta hori ez zen joan den ostiralean gertatu, erreportariak Poliziaren parte hartze tokietatik urrundu baitzituen Ertzaintzak, lekukoak ez egotearren. Hori gutxi balitz bezala, ertzain ugari oldartu zitzaizkion Lander Arbelaitz kazetariari.
Honen guztiagatik, HITZAk Ertzaintzaren jarrera gogor salatu nahi du, eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari argibideak emateko eskatu, gizarteak eta prentsa profesionalak azalpen bat merezi dutelako.
Sinatzaileak: Goierriko Hitza; Irutxuloko Hitza; Lea-Artibaiko Hitza, Mutriku eta Busturialdeko Hitza; Oarsobidasoako Hitza; Tolosaldeko eta Leitzaldeko Hitza eta Urola Kostako Hitza.