(Argazkia: Iraurgi SB)
Iraurgi Saskibaloi Elkartearen filosofia harrobiko lanean «ahalik eta txukunen» jardutea da. Denboraldi bakoitza hasten denean, elkartea helburu hori aurrera eramaten saiatzen da buru-belarri. Aurtengo denboraldian ere harrobiko lanaren fruituak izango ditu Iraurgi SBk. Izan ere, Euskal Herriko klub bakarra da Euskal Ligako lauko final guztietan talde bat sartu duena.
Saskibaloiko teknifikazio mailatik hasi, eta Espainiako Zilarrezko Adecco Ligara arte, 30 talde baino gehiagorekin lanean ari da Iraurgi SB egun. «Talde kopuru horrek garbi uzten du lanean trinko ari garela», diote saskibaloi elkartekoek. 30 talde baino gehiago, hau da, 300etik gora neska-mutil ari dira saskibaloi elkartean. Haur, gazte eta helduen artean saskibaloiaren bidez kirola egitea sustatzearekin batera, emaitza onak lortzea ere bada Iraurgi SBren beste helburuetako bat. Kasu honetan ere helburuak betetzen ari dira harrobiko taldeekin; hala nola, Euskal Ligako junior eta kadete neska-mutilen lauko final guztietan talde bana izango du.
«Klub bat baino gehiago»
Euskadiko Saskibaloi Federazioak ere nabarmendu du Iraurgi SBren harrobiko lana. «Azken urteetan Iraurgi klubak talde guztietan egin duen lanak ondorio nabarmenak izan ditu», dio Alex Aranburu federazioko zuzendari teknikoak. «Orain hamar urte, nazional mailako ligako beheko aldean zebilen Iraurgi, eta gaur egun Espainiako Zilarrezko mailan harrobiko jokalariak tartean dituela ari da jokatzen, Euskadiko eta Espainiako selekzioetan jokalariak ditu, eta Espainiako txapelketetan dabil», azpimarratu du Aranburuk. Federaziokoaren arabera, Iraurgi talde kopuru aldetik garrantzitsua da, baina baita jokalariek duten kalitateagatik ere. «Lan askorekin eta baliabide gutxirekin oso lan ona egiten ari da, eta horrek badu meritua».
«Iraurgi SB klub bat baino gehiago da. Azkoitia, Azpeitia eta inguruan kirol aldetik lan handia egiten ari dira, baina baita gizarte arloan ere». Jose Luis Zubizarreta Xubi Iraurgi SBren gidari lanetan jartzearekin asmatu egin zuten klubean, Aranbururen ustez. «Ordutik nabarmen egin du Iraurgik aurrera; egin duten lana harro egoteko modukoa da. Zuzendaritzak, entrenatzaileek eta kluba osatzen dutenek egindako lana aipatuko nuke. Hobe, bai, horrelako klubak asko balira. Euskadin harrobiarekin lan onena egin duen kluba Iraurgi da».
Taldeak banaka
Lauko finala jokatzeko aukera lortzeko lau taldeek aurretik lan asko egin behar izan dute. Euskal Ligako junior mutilen mailan adibidez, Glual Hydraulics ISBk, lehen fasea bigarren postuan amaitu eta gero, bigarren fasean ere postu berean dago partida baten faltan, eta lauko finala jokatzeko txartela eskuan dauka. Lauko finala Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute etzi eta igandean.
Euskal Ligako junior nesken Movilquick Azpeitia ISB inor baino gehiago izan zen lehen fasean. Baina bigarren fasearen hasieran arazo asko izan zituzten lesioak tarteko; haatik, bigarren itzuli bikaina egin, eta lauko finala jokatzeko txartela lortu zuen.
Antzeko zerbait gertatu zaio Grupo Zaher ISBri kadete mutiletan. Lehen fasea ez zuen oso erregularra egin, eta larri ibili zen bigarren faserako txartela eskuratzeko. Bigarren fasean ere justu-justuan ibili da. Dena den, joan den astean Easoren kontra 7 puntuko aldearekin irabazita, lauko finalean egoteko aukera lortu du.
Kadete mailako nesken Gerdau Azkoitia ISBk, berriz, sekulako lehen fasea jokatu zuen, bigarrengoa aurreneko postuan bukatu duen taldearekin garaipenetan berdinduta bukatu du. Bigarren fasean aurrenekoan bezain txukun ez da ibili Iraurgi SBko nesken taldea eta horregatik sailkapeneko laugarren postuan gelditu dira, Lauko finala jokatzeko aukerarekin.
Junior mutilena Azpeitian
Dagoeneko erabakita daude Euskal Ligako Lauko finalak zeintzuk eta non antolatuko dituzten; antolatzaileetako bat Iraurgi SB izango da. Beraz, larunbatean eta igandean Euskal Ligako junior mutilen Lauko finala Azpeitiko kiroldegian jokatu da. Ondorioz, Glual Hydraulics ISB taldeak zer egiten duen ikusteko aukera izango da Azpeitian. Finalerdiak etzi izango dira 10:00etan eta 12:00-etan. Iraurgikoek 10:00etan dute partida Loiola Indautxu 95en aurka; segidan, Easo-Baskonia finalaurrekoa da. Finala, berriz, igandea arratsaldean jokatuko da, 17:30ean.
Lauko finala jokatuko duten Iraurgi SBko taldeek Espainiako Txapelketarako txartela izango dute jokoan.