Aizarnazabalen erretiratuentzat ekimenak hasiko ditu udalak

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 24a

Aizarnazabalgo adineko herritarrek Lauburun dute elkartzeko txokoa (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Aizarnazabalgo Udaleko Gizarte Ongizate eta Kultura sailek 55 urtetik gorako herritarrei zuzendutako hainbat ekimen jarriko dute martxan, elkarlanean. Azken urteetan herrian egondako hutsuneari erantzuteko asmoz antolatu dituzte hitzaldi bat eta tailer bat. «Azken urteotan beste hainbat adin tartekorentzako (haurrentzat, gazteentzat...) edota alorreko herritarrentzat gauzak antolatu ditu udalak, baina 55 urtetik gorakoentzako gutxi. Beraz, adin horretatik gorakoak ere kontuan hartu, udaleko bi sailek bat egin, eta hainbat ekimen antolatzen hasi gara», diote udal ordezkariek. Orain, antolatu dituzten ekimenetan herritarrek parte hartzea da udalekoen nahia. Horietako ekimen bat ostegunerako antolatu dute, Jubilazioa aldaketa garaia gai gisa hartuta. 18:00etan izango da, Lauburuko ikusentzunezko gelan. Lahar Elkargoko psikologo bat izango da hizlaria. Memoria lantzeko tailerra Datorren hilabeterako, berriz, 55 urtetik gorakoei zuzendutako tailer bat ere antolatzen ari dira udaleko bi sailak elkarlanean; Memoria lantzeko tailerra, hain zuzen. Maiatzean astero saio bat egin nahi dute, ordu eta erdi ingurukoa, 17:00etan hasita. Kasu honetan ere, Lahar Elkargoko aditu batek gidatutako ditu saioak. Tailerra martxan jartzeko gutxienez zortzi laguneko talde bat osatu nahi dute. Horregatik, herritarrak bertan parte hartzera animatu dituzte udaleko Gizarte Ongizate eta Kultura sailek. Beraz, 55 urtetik gorako aizarnazabaldarrei informazioa zuzenean helarazi diete. Tailerrean parte hartzeko ez da ezer ordaindu beharko, eta izena datorren astelehenerako eman beharko da, Aizarnazabalgo liburutegian (Lauburun), 16:00etatik 19:00etara bertara joanda, edota 943-14 72 38 telefono zenbakira deituta. Ekimenekin segitzeko asmoa Ekainerako beste ekimenen bat egitea ere pentsatuta dute. «Herritarrek ongi erantzuten badute, 55 urtetik gorako herritarrentzako ekimenei segida emango diegu. Gure nahia adin horretatik gorakoentzat ere ekimenak antolatzea baita», diote udaleko ordezkariek. Gainera, orain antolatu dituzten hitzaldian eta tailerrean adin tarte horretako aizarnazabaldarren nahiak eta proposamenak jasotzeko ere prest daude. «Gure helburua adin tarte horretatik gorako herritarrak dinamizatzea da», diote. Aizarnazabalen Lauburun dute aiton-amonek elkartzeko txokoa. Baina herriko erretiratuentzako ekimenak antolatzen dituen elkarterik ez dago martxan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide