(Ane Olaizola/Hitza)
Kultur Astean murgilduta dago Etxeluzea gaztetxea, eta bertako kide Egoitz Dorronsorok (Orio, 1992) ekimena izan du hizpide Urola Kostako Hitza-rekin.
Zer dela eta antolatu duzue Kultur Astea?
Aurtengoa ez da gaztetxean Kultur Astea antolatzen dugun lehen aldia. Iaz ere antolatu genuen, eta denera mota honetako astea antolatzen dugun laugarren aldia da. Aurreko urteetan izan duen harrera ona ikusita, garrantzitsua iruditu zaigu aurten ere errepikatzea. Izan ere, Kultur Astean gustuko ditugun gaiak jorratzen ditugu, horrela kulturaz janzteaz gain, antolatzen ditugun ekimenek praktikotasuna ardatz izan dezaten saiatzen gara. Gaztetxearekin lotura duten gaiak lantzea edota gizarte gaiak jorratzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu.
Mota honetako ekimenek herritarrak gaztetxera hurbiltzea izaten al dute helburu?
Guk antolatzen ditugun ekimen guztiak herritar ororentzat irekiak izaten dira. Dena dela, herritar guztien gustuak asetzea ez dugu beti irizpide modura ezartzen egitasmoa bat antolatzerakoan. Badira ekimenak, bertso afaria edota kontzertuak bezalakoak, herritarren artean arrakasta izaten dutenak, eta horietan jende ugari biltzen da. Hala ere, beste hainbat gai lantzea ere garrantzitsua iruditzen zaigu eta hitzaldietan herritar asko biltzen ez bada ere antolatu egiten ditugu.
Ekimenen bat nabarmenduko al zenuke?
Biharko sexologia tailer-afaria antolatu dugu eta oso interesgarria izango da. Duela hiru urte ere antolatu zen, eta parte hartu genuenok oso gustura geratu ginen bertan ikasitakoarekin. Asko aberastu gintuen norbanako moduan eta talde mailan eta.