Mikel Urdangarin: «Musikak gure etengabeko aldaketaren ispilua izan behar du»

Aritz Mutiozabal 2013ko apirilaren 24a

(Argazkia: Josu Izarra) Artzape egoera ekonomiko larri­an dagoela eta, hainbat ekitaldi antolatu dute kideek aldizkaria aurrera ateratzeko asmoz. Horietako bat Mikel Urdangarinen (Zornotza, 1971) kontzertua da. Musikari bizkaitarrak Azula disko berria aurkeztuko du etzi, 21:30etik aurrera, Cristobal Balenciaga Museoan. Sarrerak 10 eurotan jarri dituzte salgai aldez aurretik, Getariako Mahasti tabernan eta turismo bulegoan, Zarauzko  Eguzki tabernan, Zumaiako turismo bulegoan, eta Orioko Kolon Txiki tabernan. Sarrerarik geratuko balitz, egunean bertan 12  eurotan erosi ahalko lirateke. Azula (urdina) zure nerabezaroko kolorerik gustukoena omen zen. Atzera begira jarri al zara aurrera egin ahal izateko? Ez horrenbesteraino. Denbora aurrera doanean, ezinbestez egin beharreko ariketetako bat atzera begiratzea da. Sasoi batetik aurrera gehiago, gainera. Kantak egiterakoan ariketa normala izaten da, eta ia guztiok zirikatzen dugu atzekoa idazterakoan. Kasu honetan, urdinean bilatu al duzu babesa? Bai, baina gehiegi erotu gabe. Azula, gainera, keinu bat da bizkaierari.Jakin badakizu azula hitza ez dela agertzen hiztegi batuan? Bizkaieraz erabiltzen bada ere, euskara batuak ez du onartzen. Ni ere oraintsu jabetu naiz, hiztegian begiratu dudanean. Edonola ere, keinu bat egin nahi izan diot etxeko hizkuntzari. Era berean, diskoko abesti muina da Azula, eta horregatik jarri diot izenburu hori azken lanari. Eta esanahiari dagokionez? Koloreek esanahi ezberdina izan dezakete zuretzat eta niretzat. Kolorearekin, eta, kasu honetan, ikusmenarekin sortzen den harremana oso diferentea da norberarengan. Urdina oso identifikarria da, bai, baina esanahi nahiko zabala duela uste dut. Kolore hotza da, eta, era berean, baretasunarekin lotzen da; zeruarekin eta itsasoarekin, esaterako. Herenegun ibili nintzen itsasaldetik paseoan, eta zeruan azula zen, baita aurrekaldean ere. Niri ez zait hotza iruditzen. Margolaritzan eta zineman kolore hotzen artean dago, baina niri ez dit hoztasunik helarazten. Lasaitasuna, aldiz, bai. Nerabezarokoa ez da kontu hutsala, oso garai ezegonkorra baita. Hor aurkitu nuen babesa urdinean. Baina ez dakit... Gaur egun ere kostaldetik nabilenean, sentipen hori izaten dut. Etengabe idealizatzeko beharra, bakardadea, maitasuna, maitemina... Abestiz abesti zeure buruarekin asko hausnartu duzula dirudi. Baietz esango nuke. Bueltak ematen dizkiogu gauzei. Ez dakit gero inora heltzen garen, baina gogoeta egitea ezinbestekoa da. Adibidez, idealizatzea horietako kontu bat da. Gizaki modernoa existitzen denetik, eta amesten hasten denetik, etengabe idealizatzen duela uste dut. Amets egiten dugunean bakoitzak gauza ezberdinak eskatzen dizkio patuari, eta hori betetzen baldin bada, jada kondenatuta gaude idealizatzera bizitza osoan. Hala ere, normala dela iruditzen zait. Gainera, uste dut idealizatuta ere zoriontsu izan gaitezkeela. Zer izan da zailagoa, gogoeta horiek guztiak kanpora ateratzea ala jendeari aurkeztea? Zentzu horretan, egindako gogoetak oso distantzia txikian idatzita daude, eta idatzi ahal diren moduan; hau da, abesti batean. Kanta batek bere esparrua du, esparru mugatua. Hori abantaila da, ur handitan ez murgiltzeko, baina, oro har, ez da ariketa zaila izan. Denbora asko eskaini diot idazteari, berridazteari eta hausnartzeari, eta nolabaiteko aitortzak egiten ari nintzenez, orain arte egin gabekoak ahalik eta finen egiten saiatu naiz. Ez oso modu esplizitoan. Ez dut jendaurrean kontatzeko eta biluzteko beldurrik. Betiere, jakinda noraino iristen zaren abestietan, eta kontatu gabe zenbat gauza geratzen den; ia guztia izaten da. Egin duzun diskorik sentiberena dela esan al daiteke? Inoiz ez naiz horrenbeste biluztu, baina modu oso naturalean egin dut. Ez zait gogorra egin. Terapeutikoa izan da niretzat ere. Kan­tak egiten dituzunean, horren atzean arrazoi handi bat egon dadin  ahalegintzen zara. Batzuetan lortzen duzu, eta besteetan, hankamotz geratzen zara. Oraingo honetan, diskoko abestien arrazoiekin oso konforme geratu naiz. Kanta bakoitzaren motorrarekin oso ados nago; eta, zentzu horretan, inoizko sentimendu borobilena dut, beste diskoei erreparatuz gero. Horrek bultzatu al zaitu doinua berritzera? Izan ere, giro eta atmosfera intimoak garrantzia handia hartu dute, nolabait esateko. Badago letren eta musikaren artean koherentzia eta gertutasuna lortzeko asmoa. Askotan, agian, ez ditugu biak ongi uztartzen asmatzen; batzuetan, bakoitza bere aldetik doala ematen du. Bien artean harreman handia egon dadin saiatu gara. Doinuari dagokionez, nire musikagintzan, be­hin­tzat, berria da. Oso kolore ze­hatza dauka, eta badago, gehiegi pasatu ga­be, sonoritate propioa lortzeko ahalegin argi bat. Egunetik egunera, pertsona bera aldatzen doa, eta aldaketa hori antzeman egin behar da. Beraz, musikak gure etengabeko aldaketaren ispilua izan behar du. Nekeza izan al da orain arteko zure musikari-lantaldearekin hautsi eta korronte berri batetik abiatzea? Bai, baina ez da egon zauri irekirik. Haustura badago, formazioa aldatu egin delako. Hala ere, guztiekin mantentzen dut harreman, baita sortze-lana ere. Lehengo erlazio bera izaten jarraitzen dugu. Litekeena da pare bat urte pasata, hurrengo proiekturako berriz ere Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta jende hauekin elkartzea. Ongi ulertu dute momentu honetan behar zenuena, beraz. Bai. Zuzeneko diskoaren ondoren beste zerbait egiteko asmoa nuela komentatu nien, beste formatu batean, eta ez zen inolako arazorik egon. Harreman profesionaletik harago, lagunak gara, eta primeran ulertu dute. Gainera, sortze-klanean jarraitzen dugu elkarrekin, eta lehen bezala ez bada ere, partekatzen ditugu proiektuak, kezkak eta dena delakoak. Orain, Koldo Uriartek (pianoa eta sintetizadoreak) eta Angel Celadak (bateria) laguntzen baldin banaute ere, zirkulu berekoak gara guztiok. Hori horrela, ez dut haustura sentipenik. Berehalakoan gara berriz bueltan. Orain, ordea, taula gaineko irudia beste bat da. Nolakoa da egun zure emanaldi bat? Oso formatu biluzia da, baina, aldi berean, sendoa. Soinuari dagokionez, ahalmen hadia erakutsi dugu orain arteko saioetan. Entzuleek ez dute ezer faltan botatzen, eta horrek esan nahi du dinamika sortzeko gai garela. Baina, tarteka betiko lagunekin bikotekako kontzertuak egiten jarraitzen dut, eta Getariako horietako bat izango da. Egungo hirukote formatuan aritu beharrean, Rafa Rueda kide dudala eskainiko dut saioa. Diskoan entzuten dena baino elektrikoagoa izango da, baina ez gara gehiegi urrunduko. Rafak babes handia ematen dit, eta kantaldi polita aterako da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide