Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirre, Jendarte Zerbitzuetako zinegotzi Ane Eizmendi eta Turismo zinegotzi Karmele Alberdi, prentsaurrekoan (Amaia Ventas/Hitza)
Zarauzko Udalak 50.760 euro bideratuko du aurten gizarte laguntzetara; iaz baino %4 gehiago. Horrekin batera, nahikoa baliabide ekonomiko ez dutenei 400 euroko laguntza emango die, eta 250 eurokoa etxebizitza gastuei aurre egiteko. Martxoan behin-behinean onartu zituen Zarauzko Udalbatzak 2013ko aurrekontuak. Aurtengoa iazkoa baino %3,6 altuagoa izango da; 29, 4 milioikoa, hain zuzen.«Aurrekontu hauek herritarron boteretzean pauso bat dira. Eraldaketa sozioekonomikorako oinarri sendoak ezartzen hasi gara», nabarmendu zuen Ogasun zinegotzi Iñaki Eizagirrek aurrekontuak bozkatu zituzten plenoan. Besteak beste, aurtengo diru partidek «herritarren beharrei modu eraginkorrean» erantzungo zietela nabarmendu zuen.
Ildo horretatik, gizarte laguntzen atala «bereziki indartu» dutela gogoratu du Jendarte zinegotzi Ane Eizmendik. «Berebiziko garrantzia dauka guretzat partida honek, beti esan dugun bezala, Zarauzko Udalak ez diolako inori bizkarra emango». Zentzu horretan, Udal Gobernuak konpromiso «irmoa» hartu du: «Horregatik %4 igo dugu gizarte laguntzetako partida. Ongizate Saila indartuko da, egiten den lan eskerga aitortu eta laguntza indartuz».
2012an 42.300 euro gorde zituen udalak sail horretarako; aurten, berriz, 8.000 euro gehiago bideratuko ditu gizarte laguntzetara. Eusko Jaurlaritzak ere laguntza indartu duela gogoratu du Eizmendik: «2012an 121.694 euroko laguntza eman zion udalari. Aurtengo ekitaldirako, berriz, 122.841,30 ematea onartu du».
Lantegi eskola eta laguntzak
Baliabide ekonomiko nahikoa ez dutenei errenta osagarria bermatuko zaie, oinarrizko beharrei erantzuteko. Bataz beste, onuradun bakoitzak 400 euroko laguntza jasoko du. Horrez gain, etxebizitza gastuetarako prestazio osagarria ere eskainiko die udalak, hilero 250 euroko laguntza emanez. Interesa dutenek Ongizate Ssailera (Zigordia kalea, 33) jo beharko dute diru-laguntza eskatzeko. Teknikariek bertan baloratuko dute bakoitzaren kasua.
Bestalde, udalak lantegi eskola jarriko du martxan Ipar kalean duen etxebizitza, epaitegi zaharra, eraberritzeko. Langabezian dauden zarauztarrei hilabete batzutarako enplegu duina eskainiko die hala. Egokitutako etxeak alokairu sozialean jarriko dituzte gerora. «Ez dira gai samurrak, baina udalak ez du sekula beste aldera begiratuko. Gure esku dagoen guztia egingo dugu, gizarte baldintza duinak bermatzen jarraitzeko», esan du Eizmendik.