Aritz Labiano 'Labi', Eskuz esku elkartasun taldeko kideak eta Haritz Gartxotenea 'Xaporra', atzo arratsaldeko agerraldian. Amaia Ventas
Haritz Gartxotenea
Xaporra eta Aritz Labiano
Labi-k eskerrak emateko agerraldia egin zuten atzo arratsaldean, Eskuz Esku elkartasun taldeari, babesa agertu dieten herritarrei, Mikel Elorza eta Ainhoa Baglietto abokatuei, senitartekoei eta ondoan izandako lagunei egindako lana eskertzeko: "Zuen elkartasunik gabe ez zen posible izango hau guztia".
Pasa den astean jakinarazi zuten Auzitegi Konstituzionalak onetsi egin duela Labi eta Xaporraren abokatuek aurkeztutako babes helegitea, eta baliogabetu egin duela zarauztarren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa. Ebazpena "berandu" datorrela nabarmendu dute Eskuz esku taldeko kideek: "Labi eta Xaporrak urtebete pasatu dute kartzelan euskal herritarrontzat arrotza den Auzitegi Nazionalaren aginduz. Anonimo baten salaketa huts eta frogarik gabeko bati zilegitasun osoa eman ondoren dator orain Espainiaren iritzi berria". Hasieratik "zentzu gabeko" epaiketa zela adierazi zuten, eta "hala izan da": "Zoritxarrez, ordea, jakin badakigu Labi eta Xaporraren kasua ez dela azkena izango. Hor ditugu Segiko kide izateagatik kartzelaratu dituzten Donostiako gazteak, eta oraindik ere epaiaren zain duden beste gazte asko eta asko. Edota Zarautzen bertan ere epaiketa egin zain ditugun lagunak. Azken asteotan Donostian izan den desobedientzia elkartasun erakustaldiak erakutsi digu zein garrantzitsua den herri harresi bat eraikitzea".
Zarautzen ere halako harresi bat eraikitzea posible dela erakutsi zuten: "Horregatik, Labi eta Xaporrarekin egin genuen moduan, borroka ezberdinetan ere elkartasuna adierazi eta eskuz esku guztiok kalera ateratzera animatzen zaituztegu. Santa Barbaratik herriko kaleak bete genituen modu berean, Donostiako Bulebarrean erakutsi den moduan, herri harresia eraiki eta kaleak elkartasunez bete behar ditugu. Euskal Herrian bizi den garai honetan bidegabekeria hauek guztiak ez dutela lekurik adierazi behar da". Xaporrak ere injustiziei aurre egiteko lan egitera deitu zituen herritarrak.
Ostiralean, gizakatea eta argazkia
Hilabeteko azken ostiralero moduan, etzidamu gizakatea egingo dute herritarrek Gurmendi plazatik abiatuta. 19:30ean hasiko dute. Amaieran, Ekaitz Sirvent preso zarauztarraren urtebetzea denez, talde argazkia aterako dute parte-hartzaileek hari bidaltzeko.