Igande honetan, apirilak 21ean 11:30etik aurrera, Gipuzkoako Trainerilla Ligari dagokion bigarren jardunaldia jokatuko dute Zarauzko estropada eremuan, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak antolatuta. Bertan, besteak beste, Zarauzko arraunlariek hartuko dute parte; gizonezko senior mailako bi ontzik, nesken ontzi batek —jubenilak eta seniorrak — eta gizonezko jubenilen beste ontzi batek, hain zuzen. Eguraldiak laguntzen badu, herriko arraunlariek moilatik bertatik botako dituzte euren ontziak. Estropada modu lasaiagoan eta erosoagoan ikusi ahal izateko, Alle Puntako trafikoa moldatu egingo dute, autoak, txandaka, lehenengo tuneletik pasaraziz. ZAEko kideek herritarrak bertaratzera gonbidatu dituzte Zarauzko neska-mutil arraunlariak animatzera joateko. Bitxikeria moduan, nesken trainerillei dagokionez, zarauztarren patroi, entrenatzailea ere baden Jexux Garmendia izango da eta oriotarrena bere anaia Juan Anjel (1996-1999 urteen artean Enbataren entrenatzaile izandakoa).
Bestalde, Emakumea Arraunlari kanpaina amaitzear dagoela jakinarazi dute ZAEtik. Ildo horretatik, jakinarazi dute datorren asteazkenean, hilaren 24ean, egitasmoaren inguruko bilera egingo dutela. 19:00etan izango da, Zarauzko Kiroldegian. Emakumeei, astean bitan, modu ez lehiakor batean arraunean egiteko aukera eskaintzea du helburu egitasmo horrek, eta emakumeen eta arraunaren arteko harremana sendotzea. Maiatzean hasi eta uztailera arte iraungo du; eta elkarren arteko estropada eta bazkari batekin emango diogu bukaera, festa moduan. Izena emateko deitu 688-649197 telefono zenbakira edo idatzi emakumeazae@gmail.com helbide elektronikora.