Azkoitia-Azpeitia Urola Ikastola BHI-ko Informatika Mintegiak Informatika Astea antolatu du zortzigarren urtez. Aurten, gainera, Herrixen eta Bertan Azkoitiko eta Azpeitiko Merkatari Elkarteekin elkarlanean prestatu du, eta bi herrietako udalen, Kutxaren, ikastetxearen eta hango Guraro Elkartearen laguntzarekin.
Azkoitiko outlet azokako irudi bat (Ane Olaizola/Hitza)
Datorren astelehenetik ostiralera hitzaldiak eta tailerrak egingo dituzte Azkoitiko ikastetxean. Informatika Astearen helburua sarean sortzen diren berrikuntza plazaratzea izan ohi da. Urtez urte egunerokotasunarekin lotutako gaiak jorratzen dituzte saioetan, eta aurtengoan, merkataritzan zentratuko dute ekimena. Zehazki, sare sozialek merkataritzan duten eragina jorratuko dute astean zehar.
Saioak praktikoak izango direla nabarmendu du ikastetxeak. «Jendeak, oro har, badu informatikaren inguruko informazioa, baina horretan trebatzea falta zaigu. Sare sozialek izugarrizko arrakasta dute, eta horiei zer erabilpen eman diezaiekegun jakitea komenigarria da». Antolatzaileen ustez, merkatariek euren produktuak herritarrengan zabaldu ditzaten, sare sozialak ezagutu eta erabiltzea «beharrezkoa» dute. «Lehen webgunea izatearekin edo bilatzailean agertzearekin nahikoa zuten, baina garai honek sare sozialak erabiltzea eskatzen du. Jende askorengana iris daitezke horien bidez. Merkatariek bezeroak dauden lekuan egon behar dute, atzean ez geratzekod. Bezeroek Interneten gero eta gehiago bilatzen baitituzte behar dituzten produktuak».
Eskaintzak sareratuz
Codesyntas taldeko Eneko Astigarragak eta Mikel Lizarraldek eskainiko dituzte saioak. Merkatariek sare sozialetara salto egin dezaten,
Merkatari!!! Ez izan sare sozialen beldur! hitzaldia eskainiko dute astelehenean, 14:30etik 16:30era. Ikastetxeko aretoan, sare sozialen inguruko azalpen orokorrak emango dituzte bi lagunek.
Antolatzaileek sareko bi tresna aukeratu dituzte hitzaldietara joaten direnek sakon ditzaten: Twitter eta Facebook. Haien arabera, bi horiek dira merkatarientzako «egokienak» izan daitezkeenak eta «presentzia handiena» dutenak. Asteartean,
Nola atera etekina Twitterri nire negozioan tailer praktikoa egingo dute, eta hurrengo egunean
Facebooken nago, eta orain zer? saioa izango da. Bi saioetan saltzaileek eskaintzak nola promoziona ditzaketen ezagutzeko aukera izango dute, 14:30etik 16:30era, informatika gelan. Tailerrak eta ikastaroak merkataritzaren ingurukoak badira ere, ikastetxeak nabarmendu du interesa duten guztientzat direla irekiak.
Ohi bezala, saio ludiko batekin amaituko dute Informatika Astea. Ikasleek
Medal of honor txapelketa egingo dute hilaren 25ean, 16:00etatik aurrera. Era berean, Informatika Asteko kartel lehiaketako sariak banatuko dituzte.