Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hekimen Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkarteak hainbat bilera egin du eragile ugarirekin, besteak beste Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoetako ordezkariekin, euskal hedabideek dituzten proiektuak eta etorkizuneko asmoak azaltzeko. UROLA KOSTAKO HITZA elkarteko kidea da.
Eragileekin egindako bilera horietan, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaren gaia izan da nagusi. Aurrekontu proiektuaren arabera, euskal hedabideentzat 4.875.000 euro aurreikusi ditu EAJren gobernuak; iazko kopuru bera. Hekimeneko ordezkarien iritziz, «Eusko Jaurlaritzako aurrekontu proiektuan hedabideentzat diru jaitsierarik ez egotea sektoreak egindako lana onartzea da».
Dena dela, Hekimenek garbi du aurrekontu horiek «ez direla nahikoa» sektoreak aurrera eraman behar dituen erronkei heltzeko. Izan ere, «azken urteetan %15 jaitsi da euskal hedabideentzat diru saila, eta publizitatean ere beherakada iragarrita dago aurten».
Euskal hedabideek behin eta berriz adierazi dute sektoreak inbertsioak behar dituela aurrera egiteko, «aldaketa sakonen» garaia baita. «Administrazioak sektorearen garapenean lagundu behar du, diru kopurua handitu eta politika iraunkorrak aplikatuta». Hori dela eta, prestutasuna azaldu du datozen urteetarako estrategikoak izango diren politika eraginkorrak elkarlanean sustatzeko.
Kezkatuta
Hekimen elkartea kezkatuta agertu da euskalgintzarako diru sailek eta orokorrean hizkuntz normalizazioa helburu duten egitasmoek aurten izango duten diru-laguntzen jaitsieraren aurrean. Hekimen euskalgintzako parte den heinean, «kezkaz» ikusten ditu jaitsiera horrek ekar ditzazkeen ondorioak, eta «bat egiten du euskal eragileen artean jaitsiera horrek eragin duen ezinegonarekin».