Etzi emango diote EHE Euskal Herrian Euskaraz taldeak eta Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak abiatutako Euskaraz osasuntsuago! kanpainari amaiera, festa giroan. Bertso saioa prestatu dute horretarako, Modelon. Beñat Gaztelumendi, Amets Arzallus, Felix Zubia, Miren Amuriza, Jon Maia, Julio Soto eta Iker Zubeldia izango dira protagonistak, eta Nahikari Gabilondok jarriko dizkie gaiak. 22:30ean hasiko da, eta sarrerak lehiatilan jarriko dituzte salgai, saioa hasi baino ordu eta erdi lehenago. Txartel bakoitzak hamar euro kostako du.
Zarautzen osasun arloan ere euskaraz bizitzea sustatzeko helburuarekin jarri zuten martxan kanpaina duela bi hilabete inguru. Bi alderdi ditu kanpainak. Batetik, herritarrek mediku euskalduna eskatzera animatu nahi dituzte, eta, bestetik, mediku euskalduna dutenen kasuan, haiekin euskara erabiltzen hastera bultzatu.
Ahalik eta herritar gehienek eskaera egin zezaten, EHEk eta OEEk etxeetara erreklamazio orriak bidali dituzte, herritarrek eskaera euren kabuz egin zezaten. Horrekin batera, informazio mahaiak ere jarri dituzte kalean. Hain zuzen, larunbatean Musika Plazan izango dira, 11:00etatik aurrera. Bertan prozesuaren nondik norakoak azalduko dizkiete gerturatzen direnei, baita eskabidea egiteko paperak banatu ere. Interesa dutenek papera bete eta bertan utz dezakete. Gerora, EHE eta OEEkoek igorriko dituzte dagokien lekura.