Corrugados Lasaon 38 langile eta Azpeitian 300 kaleratzea proposatu du Gallardo Taldeak

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 17a

Corrugados Azpeitiako enpresako langile guztiak (300 langile) kaleratzeko eta Corrugados Lasaokoei 38 langile kaleratzea eragingo duen Lana Erregulatzeko Txostena aurkeztuko du datorren asteartean Alfonso Gallardo Taldeak. Gaur arratsaldean eman die horren berri bi enpresetako enpresa batzordeko kideei zuzendaritzak Madrilen, Gallardo Taldearen bulegoetan. Alfonso Gallardo Taldeak bere esku dauden lau (Azpeitiko biez gainera, Grupo Balboa eta Ferromallas) enpresetako enpresa batzordeko kideak bildu ditu Madrilen. Lana Erregulatzeko Txostena lau enpresei batera sartu nahi diela kritikatu dute gaur bileratik irten ondoren Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko enpresa batzordeetako ordezkariek. Enpresa bakoitzak bere txostena eta bere negoziazioa behar dituela adierazi diete langileek nagusiei eta alegazioak sartu dituzte, "bakoitzaren egoera eta problematika desberdian delako". Gallardo Taldeak lana erregulatzeko dosierrak Madrilgo Lan Zuzendaritzan aurkeztuko ditu datorren asteartean. Aurreko beste txostenen kasuan ez bezala Euskal Herritik kanpo. Negoziazioa Euskal Herritik kanpo atera nahia salatu dute Corrugados Azpeitia eta Lasaoko langileen ordezkariek. «Gu Euskal Herrian gaudela eta negoziazioa bertan eman behar dela esan diogu zuzendaritzakoei; alegazioa ere sartu dugu. Hurrengo bilera, hilaren 26rako deitu du zuzendaritzak, Madrilen, bertan ere lau enpresetako ordezkariek hartuko dugu parte», azaldu du Corrugados Lasaoko Enpresa Batzordeko presidente Imanol Larrañagak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide