Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordearen mozioa aho batez onartu du

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 17a

Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak aurkeztutako mozioa aho batez onartu duela jakinarazi du. Azpeitiko Udalak Corrugados Azpeitia enpresa ez ixtearen aldeko aldarriarekin bat egin du, eta enpresa horretako langileen eskaerak babesten ditu. Azpeitiko Udaleko alderdiek, aho batez, bere elkartasuna adierazi diete Corrugados Azpeita enpresako langileei. Azpeitiko Udaleko talde politikoetako ordezkariek azaldu dutenez, enpresaren itxierak eskualde zein herri honentzat ekar dezaken kaltea kezka handiz ikusten dute, horregatik enpresari lanpostuak manten ditzan eskatu diote, enpresa itxieraren erabakia bertan behera utzita. Era berean, negoziazioarekin jarrai dezala eskatu diote. Larunbaterako, Azpeitian, Corrugados Azpeitia ixtearen kontra eta lanpostuen alde deitutako manifestazioarekin ere bat egin du udalak.

Azpeitiko Udaleko Bildu, EAJ eta Hamaikabat-eko taldeak, herriko egoera ekonomikoarekin kezkatuta azaldu dira eta "krisiaren eraginak sufritzen ari direnei bere elkartasun osoa" adierazi diete. Herritar ugari gaizki pasatzen ari dela eta udaleko arduradun politikoen "lehentasuna" direla azpimarratu dute. "Bereziki aipatu nahiko genituzke lanik ezin aurkituta dabiltzan azpeitiarrak, eta noski, euren lanpostuak galdu dituzten herritar denak. Une latzak dira eta herritarrekin egotea tokatzen zaigu, eta udala ere esfortzu guztiak egiten ari da zentzu horretan", azaldu dute gaur hedabideetara bidalitako idatzian.

Azpeitiko Udalak azaldu duenez, "egoera larri honi irtenbide on bat bilatzeko" saiakerak egingo ditu, horretarako beste instituzioetan, Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, behar diren gestioak eginez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide