Kirolgi-Orioko Bate Bizkorrak sofbol taldea Valentzioan izan da eta bi partida garrantzitsu jokatu ditu, baita irabazi ere. Lehenengo neurketan nahiz eta hangoek defentsa gogorrarekin ekin, Orioko neskek aurrea hartzea lortu zuten inolako arazorik gabe 1 eta 8 izan zen partidaren emaitza horien alde.
Bigarren partida, aldiz, gogorragoa izan zen bi taldeentzat. Bidaiaren nekea eta Valentziako pitcher-aren lan paregabeak ez zituen gauzak erraz jarri. Baina oriotarrek egoera hura kudeatzen jakin zuten bateak unerik egokienetan ateraz eta 1 eta 3ko emaitza lortuz.
Bi garaipen klasifikazioaren tontorrean mantentzen ditu oriotarrak. Goraipatzekoa da Ane Barandiaranen, taldeko pitcher-aren, lan paregabea bi partidetan eta nola jokalaririk berrienaren, Meritxel Blesaren lan bikaina.
Kirolgi-OBB, aste honetan izango duen topaketarako gogor ari da prestatzen, bertan lortuko dituzten emaitzak erabakigarriak izango baitira ligarako. Partidak igandean, apirilaren 21ean jokatuko dituzte Orioko Mendibeltz zelaian 11:00etatik aurrera. Aukera paregabea Espainiako sofbol onenaz gozatu nahi dutenentzat.