Langile baten kaleratzea salatu dute Zubialde paper-fabrikako beharginek

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 17a

Aizarnazabalgo Zubialde paper-fabrikako dozena bat langile inguruk elkarretaratzea egin dute eguerdian, enpresa aurrean, zuzendaritzak joan zen hilean langile bat kaleratu zuela salatzeko. Enpresa Batzordeak (LAB, ELA eta CCOO) Urola Kostako Hitza-ri adierazi dionez, behargin ohiak garbitzaile gisa jarduten zuen, eta zuzendaritzak haren lanpostua «beharrezkoa ez» zela argudiatuz kaleratu zuen; «gure ustez enpresan beharrezkoa zen langilea. Egun, inork ez du egiten hark egiten zuen lana, eta egunero antzematen dugu gero eta zikinkeria gehiago dagoela». Sindikatuen esanetan, zuzendaritzak «jai duten langileak» ordezkatzen ditu kaleratutako langilearen zereginak egiteko. «Horrek argi erakusten du lanpostu hori berez ez zegoela soberan». Enpresak «dirua aurrezteko helburuz» abiatutako politikaren eraginez gertatu dela kaleratzea ditoe langileek. Horren aurrean, Enpresa Batzordeak langileei proposatu die kaleratutako langilearen zereginak egitera ukatu daitezela. «Langileak ordezkapenak egiteko prest badaude, lanpostuak soberan egoten jarraituko dute». Langileek adierazi dutenez, kaleratutakoak hamalau urte egin zituen paper-fabrikan, eta garbitzaile gisa aritu aurretik, ekoizpenean egin zuen lan. Duela hamasei hilabete aldatu zuten lanpostuz. Egun, 60 langile inguruk egiten dute lan enpresan, eta sindikatuek adierazi dute zuzendaritzak «argi eta garbi» esan diela enpresan beste bi lanpostu «soberan» daudela; «merkatua egoera txarrean dagoela esaten digute, baina momentuz ez digute kaleratzerik izango dela aipatu». Langileek, bestetik, salatu dute «geroz eta lan karga gehiago» dutela ekoizpenean; «aurre jubilatu direnak eta kontratua amaitu dituztenak ez dituzte ordezkatu, eta karga gehiago ezarri digute, merkatua gaizki dagoela arrazoituz. Baina duela bizpairu urte langile gehiagorekin gutxiago ekoizten genuen, eta enpresak irabaziak lortzen zituen. Beraz, ez dugu ulertzen egungo planteamendua». Egoeraren aurrean, langileak euren etorkizunaren «beldur» direla azpimarratu dute. Era berean, egoeraren inguruan hitz egiteko zuzendaritzaren bileraren zain daude; «duela hamabost hilabete elkartu ginen azkenengo aldiz, eta ordutik enpresaren balantze ekonomikoa jasotzeko zain gaude. Beraz, euren arrazoiak ezin ditugu datuekin kontrastatu». Urola Kosta Hitza, bestetik, zuzendaritzarekin hitz egiten saiatu da, baina ez du lortu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide