23 urteko kartzela zigorra eskatu dute itota agertutako umearen aitarentzat

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 17a

2010eko urriaren 7an aurkitu zuten neskatoaren gorpua Zarauzko hondartzan, aitak desagerpenaren berri eman ondoren. amaia ventas

Gipuzkoako Fiskaltzak 23 urte eta sei hilabeteko kartzela zigorra eskatu du duela hiru urte Zarautzen itota agertu zen haurraren aitarentzat. Alaba uretara bota zuela dio, «haren bizitza bukatzeko asmo garbiarekin». Hilketaz gain, haurraren amari hainbatetan heriotz mehatxua egin izana ere leporatu dio Fiskaltzak. Ildo horretatik, emakumeari 100.000 euro ordaintzeko eskatu du, eragindako kalteengatik. 2010eko urriaren 7an gertatu zen ezbeharra. Ertzaintzak hemezortzi hilabeteko neskatila bat aurkitu zuen itsasoan, Zarauzko moilatik gertu, itota. Aitak berak eman zion poliziari desagerpenaren berri. Haren esanetan, Montetxio parkean igaro zuten gaua aita-alabek, eta gizonezkoa esnatzean alaba falta zela ohartu zen. Auzitegi medikuek egindako azterketan oinarritu da Gipuzkoako Fiskaltza zigor eskaera hori egiteko. Ikerketaren arabera, akusatuaren deklarazioan kontraesanak daude. Iratzarri zenean alaba falta zela esatean, haurrak mendi magala bere kabuz  jaitsi zuela eman zuen aditzera. Autopsiak, ordea, neskatoaren gorpuak ez zuela ito aurreko lesiorik argitu du. Peritoen arabera, ia ezinezkoa da hemezortzi hilabeteko ume batek parketik moilarako bidea lesiorik jasan gabe egitea. Beraz, gizonezkoaren deklarazioa eta gertatutakoa bateraezinak direla ondorioztatu dute autopsia egin duten auzitegiko medikuek. Epaiketa noiz izango den zehazteke dago; urte amaieran edota 2014 hasieran egingo dutela aurreikusi dute. Kalifikazio prozesuan dago auzia; akusazioak zein defentsak gertakariak idatzi eta zigor eskaerak zehazten dituzte epe horretan. Fiskaltzak eskaera egin du dagoeneko; akusazioarena falta da orain.

Aurrekariak Gorpua aurkitu bezain laster eraman zuten atxilo aita. Gizonak aurretik atxilotzeko agindua zuen, beste delitu bat leporatuta. Ertzain-etxean utzi zuten, gerora Azpeitiko epaitegiaren esku uzteko. Aurrez ere hamaika alditan atxilotu zuten ertzainek gizonezkoa, genero indarkeria eta alaba bahitzea egotzita. Duela hiru urteko uztailaren 18an gertatu zen honakoa. Atxilotuak, bere bikotekide ohia erasotu ostean,alaba hartuta ihes egin zuen Zarauztik. Hurrengo egunean, haurraren amak desagerpenaren berri eman zion Ertzaintzari. Galdakaon (Bizkaia) atzeman zuten bertako udaltzainek, eta bertako udalak amaren esku utzi zuen haurra. Hortik aurrerakoa ez dago argi. Urte bereko irailaren 28an Bilboko auzitegi batek iheslaritzat jo zuen akusatua, uztailean bere aurkako epaiketara ez agertzeagatik. Abuztuan, berriz, epaitegiak gizonezkoa bilatzeko, atxilotzeko eta epaitegira eramateko agindu zuen,eta haren aurkako epaiketa abendurako finkatu. 2010eko urrian, atxilotu ostean, homizidioa egotzi zioten gizonezkoari, ez baitzegoen argi neskatoa haren utzikeriagatik zendu zen edo aitak berak hil ote zuen. Orain akusazioak hilketa egotzi dio. Haren arabera, goizaldera gizonezkoak alaba hartu eta Montetxiotik behera eraman zuen. Errepidea gurutzatu eta itsasora bota zuen gerora neskatoa, bertan ito zedin utziz. Delitu hori egotzita, hogei urteko kartzela zigorra eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak hildakoaren aitarentzat. Horrez gain, beste hiru urte eta erdiz espetxean egon dadin ere eskatu du, bikotekidea mehatxatzeagatik. 1zarautz.hitza.eus

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide