Zaporra eta Labiren aurkako epaia baliogabetu du Konstituzionalak

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 16a

Auzitegi Konstituzionalak onetsi egin du Haritz Gartxotenea Zaporra eta Aritz Labiano Labi-ren abokatuak aurkeztutako babes helegitea, eta baliogabetu egin du zauztarren aurka Espainiako Auzitegi Nazionalak eta Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzitakoa. Auzitegi Nazionalak urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urterako inhabilitazioa ezarri zien 2010eko uztailean, eta Gorenak epai hura berretsi egin zuen ondoren. Lekuko anonimo baten deklarazioan oinarrituta, «terrorismoa goratzea» egotzi zien Auzitegi Nazionalak Labi eta Zaporrari. Eta biek ala biek betea dute kartzela zigorra. Orain 2011ko martxoaren 23an haien alde jarritako babes helegitea onartu du Konstituzionalak. Labi eta Zaporraren abokatu Mikel Elorzak helegitearen zergatia azaldu du: «Helegitea ezarri genuen, batez ere, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak Labi eta Zaporraren eskubideak urratzen zituela argudiatuz. Epaia lekuko anonimo baten deklarazioetan zegoen oinarrituta; hura zen froga zuzen bakarra. Horrek haien eskubideak urratzen zituen, eta defentsa eskubidea murriztu, ezin baitzen jakin ezkutuko lekuko horrek zein harreman zeukan Labi eta Zaporrarekiko». Europako dotrina eta jurisprudentzia aplikatuz, helegitea onartu du Konstituzionalak, eta «errugabetasun presuntzioa» eta eskubideak aitortu dizkie. Hori dela eta, Auzitegi Nazionalak beste ebazpen bat egin beharko duela jakinarazi du Elorzak. «Orain, froga elementurik ez dagoenez, formalki absoluzioa erabaki beharko du». Bestalde, Auzitegi Nazionalak Labi eta Zaporra dagoeneko betetzen ari ziren zazpi urteko inhabilitazioa indargabetu egin beharko duela nabarmendu du abokatuak. «Berez» lanean has daitezke Labi eta Zaporra, hala. Sentsazio« gazi-gozoa» Ildo horretatik, «oso pozik» agertu da Gartxotenea, bi arrazoigatik. Batetik, Konstituzionalak arrazoia eman dielako. «Hasieran esan genuen Auzitegi Nazionalean ez dagoela esperantzarako lekurik; gu zigortzeko sortu zela. Abokatuek esan ziguten berez ez zegoela gu kondenatzeko oinarririk, eta orain Konstituzionalak berretsi egin du hori: lekuko anonimo baten deklarazioan oinarrituta ezinezkoa da pertsona bat kondenatzea». Bestetik, «izugarrizko lasaitasuna» sentitu du. «Konstituzionalaren erabakiaren ondorioz, ezarritako inhabilitazioa bertan behera geratu da. Epaia mantendu balute, oraindik ere lau urtean ezingo genuke erankunde publikoetan lan egin, eta horrek larritu egiten du. Orain bizitza normala egiteko aukera dugu, lasai, beldurrik gabe. Zama handia kendu dugu gainetik». Kartzela zigorra bete dute dagoeneko. «Bertan bizitakoak ez du atzera bueltarik». Baina herritarrek eskainitako babesa nabarmendu du Zaporrak: «Horrekin geratzen naiz». Labianok «sorpresaz» jaso zuen hasieran albistea. «Ez genuen uste babes helegitearen tramitea onartuko zutenik ere. Ez genuen espero halakorik». Gerora, ordea, sentsazio gazi-gozoa geratu zaio. «Gustura nago aurrerantzean erakunde publioetan lan egiteko aukera izango dugulako, baina aurrez hau guztia ekidin zitekeen, kartzela zigorra zein lan arloan galdutako aukerak, alegia». Orain «burua kokatu» beharra dauka. «Testuingurua ezagututa, eta geure baldintzak kontuan izanda, etorkizuna beste modu batera planteatuta neukan, beste bide batzuk lantzen ari nintzen jada». Orain lan arloan ate guztiak zabalik dituela dio. «Egoera normalagoa izango da, lan egiteko aukera gehiago izango ditut, nahiz eta hori ez izan oso erreala. Azken bi urteetan bi lan aukera garrantzitsu galdu ditut; gauzak beste modu batera izan balira, egun lanean egongo nintzateke. Orain oposizioekin hasi beharko dut berriz ere». Hala ere, Konstituzionalaren erabakia maila batean «garaipena» izan da Labirentzat, aurrekari bat finkatu baitu. «Halako beste prozesu bat zabaltzen bada, lekuko anonimo baten deklarazioan oinarrituta eta frogarik gabe norbait akusatu eta kondenatzea ez da hain erraza izango». Kalte-ordainak Urtebeteko kartzela zigorra bete dutenez, kalte-ordainik dagokien ala ez aztertuko dute orain. «Horri jada ezin zaio bueltarik eman, eta nolabait konponbidea aurkitu behar zaio. Kasu horietan kalte-ordainak eskatzen dira. Ikusiko dugu, epaia berria baita», nabarmendu du Elorzak. 2010eko uztailaren 27an behin betiko epaia eman zuen Auzitegi Nazionalak: urtebeteko kartzela zigorra eta zazpi urtean erakunde publikotan lan egiteko inhabilitazioa. 2010eko abenduaren 22an Gorenak berretsi egin zuen zigorra. 2009an Zarautzen egindako manifestazio batean, Gora ETA oihukatu zutela argudiatu zuen ezkutuko lekuko batek epaiketan, eta deklarazio horretan oinarrituta eman zuen epaia auzitegiak. Gartxoteneak Dueñasen (Palentzia) bete zuen kartzela zigorra; Labianok, berriz, La Mansilla de las Mulaseko (Leon) espetxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide