Corrugados Azpeitiako eta Lasaoko ordezkariak Madrilera deitu dituzte, "langileei kaleratze txostena emateko"

Nerea Uranga 2013ko apirilaren 16a

Corrugados Azpeitiako langileak gaur elkarretaratzea egin dute Azpeitiko BBVAren aurrean. Alfonso Gallardo Taldeko zuzendaritzak taldeko lau enpresatako enpresa batzordeetako ordezkariak Madrilera deitu ditu bihar arratsaldean, tartean Corrugados Azpeitiako eta Corrugados Lasaokoak. Corrugados Azpeitiako ELA eta LABeko Enpresa Batzordeko ordezkarien arabera, langileak kaleratzeko txostena aurkezteko deitu dituzte Madrilera. "Lana Erregulatzeko Txostena lau enpresari batera sartu behar digutela dirudi, Azpeitiko plantaren kasuan langile guztioi eragingo digun kaleratze txostena da. Beste enpresei zer aurkeztuko dieten ez dakigu, ikusiko dugu bihar arratsaldean", azaldu du Enpresa Batzordeko LABeko ordezkari Esteban Kanposek. Bihar goizean, berriz, Eusko Legebiltzarrean Azpeitiko enpresaren kasuaren berri emango dute langileen ordezkari sindikalek. Inor kaleratzearen edota enpresa ixtearen kontra daudela esan dute Corrugados Azpeitiko langileen ordezkariek. "Beti esan da arrazoi ekonomikoengatik eta lanik ez dagoelako neurriak hartu behar direla, baina Azpeitiko kasuan Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako gestioari esker lan karga bat sortu da, gutxi gorabehera urteko ekoizpenaren erdia dena eta urte gehiagotarako izan daitekeena. Horren berri Gallardo Taldeko buruei Lakuan egindako bileran eman zitzaien, eta kontua zertan den ez dakigu. Dakigun bakarra da, orain kaleratzeen gaineko txostena aurkeztuko digutela", esan dute gaur. Azpeitiko planta ixtearen kontra mobilizazioak hasi dituzte bertako langileek, gaur Azpeitiko BBVA banketxearen bulegoaren aurrean elkarretaratzea egin dute. "BBVA da gure tailerra itotzen ari dena, euren zorrak kobratu nahi dituzte nahiz eta 300 langile kale gorrian gelditu". Corrugados Azpeitiaren itxieraren kontra mozioak aurkeztu dituzte Urola Kostako udaletan eta aste honetarako mobilizazioak deitu. Ostiral arratsaldean auto karabanak egingo dituzte eskualdean herririk herri, eta larunbaterako Azpeitian manifestaziora deitu dute, 12:00etan plazatik irtenda. "Denak kale gorrian uztera dihoazte eta borrokan segitu beharra dago, ez dago beste biderik".  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide