Astronomiari buruzko hiru hitzaldi antolatu ditu Arkamurka natur taldeak

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko apirilaren 16a

Ander Souza Arkamurkako kideak eskainiko du Astronomia Asteko lehenbiziko hitzaldia, gaur (Onintza Lete Arrieta/Hitza) Urtero legez, Arkamurka Natur Elkarteak Astronomia Astea antolatu du, Zarauzko Udalaren laguntzarekin. Gaurtik ostegunera, espazio zabalaren inguruko hainbat hitzaldi eskainiko dute gaian adituek, elkartearen egoitzan, 20:15etik aurrera. Ostiral gauerako, gainera, hitzordu berezia antolatu dute: izarrak ikustera irtengo dira parte-hartzaileak, ekimenari amaiera borobila emate aldera. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, «begibista hutsez» elementuok aurkitzen eta identifikatzen saiatuko dira. Aurrez, azalpen txiki bat eskainiko dute Arkamurkaren egoitzan, eta gerora behaketa lekura abiatuko dira teleskopioa hartuta, ikastikoa praktikan jartzera. Eguzki sistema eta izarrak Iaz egin zuen moduan, aurten ere Ander Souzak zabalduko du hitzaldi zikloa, gaur, Zer dakigu eguzki sistemaz? hitzaldiarekin.  Non dagoen, noraino iristen den, zer dagoen eguzki sistemaz harago... Halako galderei erantzuten saiatuko da Arkamurkako kidea. Bihar exoplanetak izango dituzte hizpide. «Gaur egun gure sistematik kanpo dauden planeten aurkikuntza eta beren inguruko ikerkuntza etengabeko aurrerapausoak ematen ari den alorra da zientzia munduan», diote Arkamurkako kideek: «Planeta berri hauen aurkikuntzarekin zuzekin lotuta agertzen den gaia da bizigarritasuna». Ildo horretatik, planeten bizitza sortu eta garatu ahal izateko «beharrezkoak» diren baldintzak finkatzea «mugarri garrantzitsua» da. Eguzko sistematik kanpoko planetei buruzko azalpenak emango ditu Ane Garces La Lagunako unibertsitatean astrofisikan lizentziatu eta Deba Garaiko Ilatargi astronomia taldeko kideak. Posible izango al da egunen batean beste eguzki sistemak bisitatzea? Zenbat denbora beharko genuke horrelako bidaia bat egiteko? Zer dio gaur egungo zientziak izarrarteko bidaei buruz? Gaur egungo gizakiok ikusiko ote dugu horrelako bidaiarik? Arkamurkakoen arabera, gizakiek betidanik amestu dute izarretara bidaiatzearekin: «Makina bat liburu eta film garatu  dituzte ideia hori baina kasu gehienetan bidaia horietan erabilitako baliabideak—espazio ontziak, motoreak eta bestelakoak— zientziaren kontrakoak ziren, guztiz. Izarretarako bidean hitzaldia eskainiko du Iñigo Elorza Arkamurkako kideak,  Astronomia Astearen baitako azken aurreko saioan, etzi. Informazio gehiago, Arkamurkaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide