"Orain gutxi arte pentsaezina zen emakume batek arraunean egin eta, are gehiago, lehiatzeko aukera izatea. Zorionez, ordea, garaiak aldatzen doaz eta gero eta emakume gehiago ikusten ditugu estropadak jokatzen. Belaunaldi berriek normalizaziora iristeko lan handia egin beharko duten arren, bidea ireki dute jada eta arraunean egiteko aukera badute. Zer gertatzen da, ordea, aukera hori izan ez duten emakumeekin?". Hortik abiatuta, ZAE Zarautz Arraun Elkarteak emakumeei arraunean egiten ikasi eta hortaz gozarazteko aukera eman nahi die, "lehiak alde batera utzita eta lagun artean kirola eginez, emakumea eta arrauna bateragarriak direla erakusteko".
Helburu horrekin, maiatzetik uztailera, astea bitan interesa duten emakumeek Mertxe Aizpurua arraunlari ohiarekin elkartu eta arraunean jarduteko aukera izango dute. Uztailerako, egitasmoari "bukaera ona ematearren", elkartutako emakumeen artean estropada eta bazkaria antolatuko dituzte, "festa giroan".
Informazio gehiago eskuratu nahi dutenek
emakumeazae@gmail.com helbidera idatzi edota 688-649197 telefonora deitu dezakete. Apirilaren 24ean, datorren asteazkenean bilera egingo dute, Aritzbatalde kiroldegian 19:00etatik aurrera. Interesa dutenek aurrez elkarteko kideekin harremanetan jartzea eskertuko dutela adierazi dute ZAEtik, emakume kopurua kalkulatzen joateko.