Gutuna: 'Etxebizitza eskubidea bada, bizitzarik gabeko etxea delitua da'

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 12a

Etxebizitza eskubidea bada, bizitzarik gabeko etxea delitua da Azken urteetan hainbat erakundek egin dute banketxe, konstruktore eta bestelako espekulatzaileen aldeko politika, etxebizitza duin baterako eskubidea urratuz. Orain, gainera, denak balio du krisiaren izenean. Baita pertsonak kale gorrian uzteak ere. Nork ez du hitz egin horrek ekarri dituen ondorio lazgarriez? Politika horrek mugatu digu gazte askori bizi proiektu propio bat garatzeko bidea. Zarautzen, etxebizitzek duten prezioa ikusita, gure herrian bizitzeko gurasoenean geratzea beste aukerarik ez dugu gazte askok. Asko izan dira Zarauztik atera behar izan duten gazteak, bizileku bila: Getariara, Oriora, Iraetara, Aizarnazabalera, Zumaiara, Usurbilera... Horrela, pobretu egin da herria. Etorkizuna gazteok garela esaten da; kanpora bidaltzen ari gara herriaren etorkizuna. Horra azken urteetako etxebizitza politikaren ondorioetako batzuk. Bide batez, ez dago soberan gogoratzea ia ez digutela zementurik gabeko lurrik ere utzi.

Eta bitartean, ia urte osoan zehar, milaka etxe hutsik daude Zarautzen. Bizitzarik gabeko etxeak. Eta etxejabe askok ez dute herrian zergarik ere ordaintzen. Badakigu, espekulatzaile eta eraikitzaile handiak dira erantzule nagusiak. Baina egoera ikusita, etxe huts bakar bat izatea zigortu egin behar da. Luxu hutsagatik beste bati eskubide bat ukatzea delitua baita.

Irtenbidea, ezinbestean, kolektiboa izango da. Geure zilborrari begira arazoa luzatu baino ez dugu egingo. Herritarrok, jabetzaren kultura gainditu, erantzuleak identifikatu eta neurriak exijitu behar dizkiegu instituzioei. Hasteko, etxe hutsak behar gehien dutenen eskuragarri jartzeko. Ez dago gaizki zerga bat igotzea, baina ez da nahikoa. Pauso ausartagoak behar dira. Alokairu sozialaren errealitate bihurtuko duen eredu aldaketa helburu, tokatzen zaion ardura bete eta bere esku dagoen guztia egin dezala eskatzen diogu Zarauzko Udalari. Eithne Arruabarrena. ZAGA.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide