Acapulcoko Jai Alai Invitational txapelketa irabazi du Txasiok

Urola Kostako Hitza 2013ko apirilaren 11

sasoian.info Ortzi Goiri Txasio puntista zarauztarrak Acapulcoko (Mexiko) Jai Alai Invitational txapelketa irabazi du, Erik Mendizabal mutrikuarrarekin bikotea osatuz. Finalean, 30-22ko emaitzarekin gailendu ziren Egiguren eta Erkiaga II.aren kontra. Partida hasieratik aurretik izan ziren Erik eta Txasio; zarauztarrak tantoa menderatu du bere errebes indartsu eta aldi berean, dotorearekin. Txapelketa honetan munduko zortzi pilotari onenetakoenek hartu dute parte. Aipatutako lau finalistez gain, Angel Egea tijuanarrak eta Gotzon Enbil zumaiarrak hirugarren postua eskuratu dute, eta laugarren geratu dira aldiz, Olharan eta Alliez II.a. Txapelketaren hasiera ez da hala ere ona izan Txasiorentzat. Ligaxkako lehenengo partida 30-22 galdu zuten Egiguren-Erkiaga II.ren aurka, baina handik aurrerako norgehiagoka guztiak irabazita, merezitako titulua eskuratu dute. 30-29 irabazi zieten Angel eta Enbil-i, eta 30-23 Olharan-Alliez II.ari. Enbil zumaiarrak ez du zorte handirik izan, ligaxkan bi partida galdu baizituen tanto bakarreko aldearekin, eta horren ondorioz, finaletik kanpo geratu zen. Zaleen bikote kuttuna da Angel eta Enbil, eta animo eta txalo gehienak beraientzat izan dira. Azkenean, hirugarren postuarekin konformatu behar izan dute Olharan-Alliez II.ri irabazita. Txasiok eta Enbilek Floridako Dania Jai Alai pilotalekuan jokatzen dute urtean zehar. Enbil Euskal Herrian ere ezaguna da, txapelketa askotan parte hartu duelako, baina Txasio, Daniako atzelaririk onenetakoa izan arren, ez du Euskal Herrian txapelketarik jokatu profesional moduan, eta ez da hain ezaguna. Hala ere, zesta-puntako lau bikote onenetakoen artean gailendu eta bere maila handia erakutsi du Erik mutrikuarrarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide