Arkamurka Natur Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak antolatuta, Zuhaitz Eguna ospatuko dute bihar. Zuhaitz landaketa sinbolikoa egingo dute, 12:30a aldera Talaimendiko belazeetan, Iñurritzako Biotopoan, eta Antoniano ikastetxeko ikasleak, herriko ikasle guztien izenean, izango dira protagonistak. Jarduera horren xedea gazteek ingurunea ezagutzea da eta ezagutza horren bitartez, ingurunea bera maitatu, errespetatu eta zaintzea. Horrela, natur ondare hori gozatzeko aukera bermatuko dute.
Ametza, elorri beltza, erramua, gurbitza, gorostia eta beste hainbat zuhaitz eta zuhaixka landatuko dituzte gazteek. Landaketa horiekin bertako landaredia berreskuratzen lagundu nahi da, eta bestetik, itxitura bat osatu, ibiltariak bidez bide ibili daitezen belardiak zapaldu gabe eta belardi hauek ustiatzen dituen nekazariari kalterik egin gabe. Aurrerantzean ikasleek izango dute ardura zuhaitz horiek zaindu, ulertu, hazi eta maitatzeko.