(Olatz Prat/Hitza)
Azpeitiko auzitegiko epaileak Jon Urien alkate ohia inputatu du Zarautz Lur auzian, erakunde publikoko lehendakari moduan 12.000 eurotik gorako gastuak egiteko baimena eman zuela argudiatuta. Gaur eman du albistea Udal Gobernuak, kasuaren ibilbidea «labur eta ñabarduretan sartu gabe» azalduz. UROLA KOSTAKO HITZA saiatu da Urienekin harremanetan jartzen, emaitzik gabe. Haren izenean Jon Burgaña Ogasun zinegotzi ohiak hitz egin du egunkari honekin: «Prozesalki lasai dago, gaia gozoa ez den arren».
Udalak gaur adierazitakoaren arabera, pasa den apirilaren 2an deklaratu zuen Urienek epailaren aurrean, baina lekuko gisa. Hain zuzen, Urienek berak garai batean Zarautz Lurren kudeaketaz arduratzen zen AGM Abogados enpresako—egun BMP Abogados dena— ordezkari Kenari Orbe salatu zuen fiskaltzaren aurrean, 2006 eta 2009 urteen artean erakunde publikoaren kudeaketan 175.000 euro inguruko ustezko irregulartasunengatik. 2011n egin zuen salaketa, eta fiskaltzak "nahikoa zantzu" zegoela argudiatuz Azpeitiko epaitegira bideratu zuen kasua.
Urien lekuko bezala deklaratzera joan zenean, ordea, epaileak bera ere inputatzea erabaki zuen, hainbat gastu egitea baimentzeko bere sinadura beharrezkoa zela argudiatuz.
Udal Gobernuko kideak, gaur eskaini duten prentsaurrekoan (Amaia Ventas/Hitza)
Auzia argitzea helburu
Udal Gobernuak, «errudun edo errugabe diren ebaztera sartu gabe», auzia argitu dadin baliabide tekniko eta juridiko guztiak jarriko dituela nabarmendu du. «Ez dugu horrelako kasu bakat bat ere argitu gabe utziko», adierazi du Eider Illarramendi alkateordeak: «Udal Gobernu hau orain Zarautz Lurren arduraduna da eta horregatik beharrezkoa ikusten genuen azalpen hau ematea. Herritarrei garden jokatuko genuela iragarri genien, eta hala egin dugu. Honetan guztian kaltetu nagusiak zarauztarrak gara, gure diruarekin zer egin den argitzea nahi dugu».
Kasua instrukzio fasean dago orain, eta hiru inputatu nagusi daude: Urien, Orbe eta haren bazkide Irkus Palacio.