Erlezain bat, Iturraran parketxean
Pasa den asteburuan, Erlezain Egunean, Gipuzkoako XV. Ezti Lehiaketa jokatu zuten Zegaman, eta erle eta erlezaintzaren inguruan lan egiten dutenen artean Asiako liztorra izan zen hizpide bereziki. Izan ere, erleak jaten dituen liztorra iritsi da Euskal Herrira, eta eskualdean ere erlezainek nabaritu dute haren mehatxua. Adituen arabera, 30 liztorreko talde batek 30.000 erle hil ditzake hiru ordutan.
Itsasontziz Europara
Xanti Elola erlezainak azaldu du mehatxuaren jatorria: «Asiako liztorra Txinatik zetorren egur edukiontzi batean ezkutatuta iritsi zen Bordeleko (Frantzia) portura, eta pixkanaka inguruan zabalduz eta hedatuz joan zen. Liztor mota horren elikagai nagusia erleak dira, eta oso intsektu erasokorrak direnez, kalte handiak eragin ditu Frantziako erlauntzetan. Azken urteetan Euskal Herrira iritsi da, eta erlezainak beldur gara, denbora gutxian erlauntza oso bat desegin baitezake».
Gipuzkoako Erlezainen Elkarteko datuen arabera, Irun, Hondarribia, Lezo eta Orereta inguruan zabaldu da gehien Asiako liztorra. «Inguru horretako ezti ekoizle txiki askok erlauntzak izateari utzi egin diote. Izan ere, erlauntza gutxi zituzten, eta Asiako liztorrak jan egin dizkie erleak, eta bat ere gabe geratu dira». Erasokorrak izateaz gain, oso azkar ugaltzen dira, eta horrek mehatxua urtez urte areagotu egiten du. «Azken datuen arabera, urtero hamarkoiztu egiten da espezie honetako liztor kopurua Euskal Herrian». Urola Kostan zabalduta ez badago ere, eskualdera iritsi da Asiako liztorra.
Liztor «erasokorrak»
Asiako liztorrak erlauntzen inguruan egiten dute habia, 500 metroko erradioaren baitan. Habia txikia denean, pixkana jaten dituzte erleak, baina kumeak egiten dituztenean, horiei jaten emateko elikagai gehiago behar izaten dute, eta oso erasokorrak bihurtzen dira», adierazi du erlezainak. «Oso zehatzak eta inteligenteak dira. Oso zaila da liztor horiei aurre egitea».
Asiako liztorraren irudi bat
Normalean Asiako liztorra erlauntzaren kanpoaldean jartzen da, bakarkaka edo taldeka. «Erleak polena jasotzetik noiz etorriko zain izaten dira. Erleak polenarekin kargatuta etortzen direnean, nahiko baldar egoten dira, eta erlauntzara hurbiltzen diren bezain pronto airean harrapatzen dituzte liztorrek»,dio erlezainak.
Erleak airean harrapatzen dituztenean euste puntu batera eramaten dituzte. «Asiako liztorrarentzat erlearen enborra da garrantzitsua, bertan baititu proteinak. Zenbaitetan harrapatutako gunean bertan zurrupatzen dio zukua erleari, eta beste batzuetan habira eramaten du, kumeei jaten emateko. Burua eta tripatik beherako aldea ebaki, eta bota egiten dute».
Erleak babesik gabe
Eraso bortitz horren aurrean, bertako erleak babesik gabe daude. «Asian ere badituzte erleak, eta Asiako liztorrari aurre egiteko sistemak dituzte. Liztorra erlauntzaren inguruan dabilela antzematen dutenean, 50-60 erlez osatutako taldeak inguratu egiten du, eta denen artean tenperatura 45 gradutik gora igotzen dute. Liztorrak ezin izaten du tenperatura hori jasan, eta hil egiten da».
Euskal Herriko erleek, berriz, oraindik ez dute Asiako liztorrari aurre egiteko sistemarik garatu, eta pixkanaka erlauntza osoak desagertzen ari dira.
Ezjakintasuna arazo
Elolaren esanetan, Asiako liztorraren inguruan dagoen «ezjakitasunak zaildu» egiten du mehatxuari aurre egiteko bideak aurkitzea. «Teniseko pilota baten tamainako habiak egiten ditu Asiako liztorrak zuhaitzetan eta herriguneetan, eta oso zaila izaten da horiek aurkitzea».
Gipuzkoako erlezainak erlauntzak Asiako liztorretik babesteko prebentzio neurriak garatzen
ari dira. «Tranpak jartzen ditugu erlauntzaren inguruan.
Plastikozko ur botila handiei goiko aldea kentzen diegu, eta horren barruan garagardoz, siropez eta sagardoz osatutako nahasketa jartzen dugu. Liztorrak hori jatera hurbiltzen dira, eta botilan harrapatuta geratu eta ito egiten dira. «Tranpak emaitzak ematen ditu, baina prozesu luzea da. Nik neuk etxean bost tranpa jarri ditut, eta 15 liztor inguru harrapatu ditut».
Horretaz gain, Gipuzkoako Erlezainen Elkartetik Eusko Jaurlaritzari Asiako liztorraren arazoari aurre egiteko konponbidea garatzea eskatu nahi diote. «Kontuan hartu behar da Asiako liztorrak ez duela ezti ekoizpena soilik kaltetzen. Naturaren polinizazioan ezinbesteko aktoreak dira erleak, eta horiek kaltetu eta pixkanaka desagertzen joaten badira, naturan desoreka bat gertatuko da, gizarte osoan eragingo duena». Haren arabera, Asiako liztorra Euskal Herriko ingurumenean eta ekonomian ari da «kalte larriak eragiten».