Azkoitiko Duatloiak ezohiko ibilbidea izango du larunbat honetan

Ane Olaizola 2013ko apirilaren 11

Iazko duatloiaren une bat (Nerea Uranga/Hitza) Azkoitiko Trialtoi Taldeak Gipuzkoako Triatloi Federazioarekin eta Euskadiko Triatloi Federazioarekin elkarlanean antolatu du Azkoitiko XIV. Duatloia, eta larunbatean jokatuko dute. Distantzia motzeko Gipuzkoako Txapelketa izango da, baita aurten Gipuzkoan jokatuko den azken duatloia ere. Halaber, lasterketak berrikuntza ugari izango ditu aurten. Azken urteetan ez bezala, larunbat arratsaldean izango da lasterketa, igande goizean egin beharrean. Ibilbidea, berriz, goitik behera aldatu du Azkoitiko Triatloi Taldeak, eta korrika egin beharreko zirkuitua herrigunean kokatu du. Parte-hartzaileek 9,9 kilometro egin beharko dute korrika Azkoitiko kaleetan zehar, 3,3 km-ko ibilbideari hiru bira emanez. Hala, plazatik hasitan, Kale Nagusitik Altzibar aldera joango dira lasterka, eta Ibai Ondo eta Trino Uria kaleak zeharkatuko dituzte, besteak beste. Bizikletan, berriz, 40 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta hor ere izango da aldaketarik. Orain arte, Zumarragara egiten zuten joan-etorria, baina oraingoan Azkarate igoko dute lehenbizi, eta handik Zumarraga aldera abiatuko dira. Bizikletak utzi eta korrikari ekingo diote berriz; beste 4,8 kilometro egingo dituzte herrian zehar. «Lehen herritik ateratzen zen, baina orain, herrigunean izanik, momentu oro jendea izango dute animatzen, eta gure ustez ederragoa izango da». Antolatzaileen iritziz, ibilbidea «leunagoa» da, aurreko urteetan baino aldapa gutxiago baitu. «Zatirik gogorrena Azkaratekoa izango da», dio taldeak. Beste aldaketetako bat box eremuak izango du. Balda Plazatik herriko plazara aldatu dute geldigunea, «giro hobea» sortuko duelakoan. Parte-hartzaileek 14:00etatik 15:00etara izango dute zabalik gunea, lasterketarako beharrezko materialak prestatzeko. Era berean, Santa Klaran, Matadeixe parean, anoa-postua jarriko dute. Oro har, antolakuntza «handiagoa» izango dela nabarmendu du taldeak, eta horrek lasterketan bertan eragingo duelakoan da. Izan ere, antolatzaileak ere beste batzuk dira aurten. Orain arte Imanol Alesonek eta Lia Ariñok antolatu ohi zuten ekimena, eta aurten Azkoitiko Triatloi Taldeko kideek hartu dute lekukoa.  «Gogoz hartu dugu antolatzearen ardura, eta lasterketara etortzen denak antzemango du». Dena den, Alesonek eta Ariñok urtez urte egindako lana eskertu du taldeak. Izen-ematea zabalik Herriko plazan hasiko da duatloia, eta helmuga Plaza Berrin izango du. Emakumezkoak 15:15ean abiatuko dira, eta gizonezkoak hamar minutu geroago. Euskal Herriko zirkuiturako puntuagarria izango da proba. Dorsalak, berriz, 13:00etatik 14:30era bitartean jaso ahal izango dituzte lehiakideek, plazan bertan. Izen emateari dagokionez, berriz, egunean bertan ere inskribatu ahalko dira parte-hartzaileak. Aldez aurretik www.triatloi.org helbidean eman daiteke izena. Federatuek 20 euro ordaindu beharko dute, eta gainontzekoek 30 euro. Txip horiak beste bi euroko prezioa du. Egunean bertan, ordea, 30 euro eta txip horia ordaindu beharko dute parte-hartzaileek. Lasterketan gehienez 300 lagunek eman dezakete izena, eta atzo 85 lagun zeuden inskribatuta. Dena den, azken egunetan 200era iristea espero du taldeak. Maila absolutuko lehenengo bost parte-hartzaileek sariak jasoko dituzte, eta gainontzeko modalitateko azkarrenei garaikurrak banatuko dizkie. Helmugara iristen den bailarako lehenak ere izango du saria, eta zozketak ere izango dira guztien artean. Boluntarioen laguntza eske Azkoitiko Trialtoi Taldeak, bestetik, herritarrei laguntza eskatu die, probak irauten duen bitartean bidegurutzeak zaintzen aritu daitezen. Boluntarioek 13:00etatik 14:00etara bitartean Kontsejupera agertu beharko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide