Maider Sierra: «Mendekotasunen bat izanez gero, ezin da horrekin jokatu»

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2013ko apirilaren 11

(Onintza Lete Arrieta/Hitza) Erretzeari uztearen abantailak ezagutaraztea du gaur helburu Maider Sierra psikologo eta  Minbiziaren Aurkako Elkarteko prebentzio arduradunak, «tabakoa utziz gero zenbat irabaz daitekeen» erakustea.  Haren arabera, pausoa eman eta tinko mantentzea da garrantzitsuena. Eta erretzeari uztea posible dela sinestea. Zein da hitzaldiaren helburua? Erretzaile guztiek jakin badakite zer galtzen den errez gero. Horren inguruko informazioa soberan dugu gaur egun; badakigu zein kalte, gaixotasun eta bestelako arazo eragiten dituen tabakoa erretzeak. Horri buelta bat ematea da nire nahia. Ez dut informazio soila eman nahi, hausnarketa bultzatu baizik. Tabakoa kontsumitzeari utziz gero zenbat irabaz daitekeen erakutsi nahi diet bertaratzen direnei. Dependentzia hori baztertzearen abantailak azaltzea izango da, beraz, biharko helburua. Nik urteak daramatzat erretzaileei laguntzen eta hori da, hain zuzen, saioetan gehien nabarmentzen duguna: zein garrantzitsua den erretzaileak bere helburua lortzea. Ildo horretatik,  jendea pauso hori ematera animatzea izango da nire egitekoa. Informazio zabala dago egun dependentzia horrek eragiten dituen kalteen inguruan. Baina jendea horren kontziente al da? Informazio zabala badugu, baina hori ez da nahikoa. Nik uste hausnarketa falta dela. Mito eta pentsaera asko dago tabakoaren inguruan. Askok Santiago Carrillo jartzen dute eredu bezala, hainbeste urte erretzen eman eta oraindik ondo dago diote askok. Halako pentsamoldeak oraindik badaude. Horregatik, informazioa ez da nahikoa. Horren inguruan pentsatu beharra dago, hausnartu. Izan ere, aldaketak pentsatzetik datoz, denbora bat hartu eta gaiari buruz hausnartzetik. Erretzea zerbait automatikoa bihurtzen da erretzaileentzat, inkontzienteki egiten duten zerbait da. Hori aldatu nahi bada, gelditu eta pentsatu egin behar da, informazioa barneratze aldera. Zergatik da zaila erretzeari uztea? Erretzaile mota asko dago, eta beraz, kasuak ere ezberdinak dira. Asko beldurragatik ez dira ausartzen pauso hori ematera, helburua ez lortzearen beldurragatik. Beste batzuk bizitza guztia erretzen eman ostean, zer egingo dut? galdetzen diote euren buruei. Erretzeak askori lasaittzen laguntzen die, laneko estresari aurre egiten, egoera pertsonal zailei, langabeziari... Hitzaldi honen bitartez, horri buelta emateko espazio bat eskaini nahi dut, hausnartzeko eta dituzten zalantzak argitzeko. Azkenean, dituzten beldurrei izena jartzen lagunduko diet eta mendekotasun horri aurre egiteko lehen pausoak finkatzen. Zein da erretzeari uzteko gakoa? Gauza bat desioa sentitzea da eta bestea pausoa benetan emateko asmoa garbi izatea. Behin pauso hori ematea erabakitzen dugunean, bidean aurkitutako zailtasunei aurre egitea da gogorrena. Askotan data bat jartzen da, erretzeari utziko zaion eguna finkatu. Hori garrantzitsua da, oinarrizkoa, baina tabakoa kontsumitzeari uztea ez da egun batetik bestera egiten. Hori dela eta, erabaki horri tinko heltzea da zailena. Nahi izatea beharrezkoa da, baina batzutan agertzen diren zailtasunei aurre egiteko gogor heltzea ezinbestekoa da. Horretarako, laguntza oinarrizkoa da, egoera eramanerrazagoa izan dadin. Erretzeak ez du soilik mendekotasun fisikoa eragiten. Nikotinaren dependentziaz soilik hitz egingo bagenu,   bi-hiru bat aste ondoren behar fisiko horri aurre egin dakioke. Tabakoaren kontsumoan, ordea, emozio eta bizipenek pisu handia dute. Lehen urte pixka bat konplikatua izaten da, egoera guztiei aurre egin behar zaielako tabakoaren laguntzarik gabe. Hori falta denean, ez da erraza izaten egoera berri horiei bakarrik aurre egitea. Erretzaile batentzat zein izan daiteke prozesuko unerik zailena? Norberaren egoera pertsonalaren araberakoa da hori, tabakoak une horretan norberarengan zenbateko garrantzia daukan. Erretzeari lehenbiziko aldiz lagatzeko atarian dauden pertsonentzat, bereziki, utzi aurreko eguna izaten da kritikoena. Zerbait berria da eta horren aurrean bertigoa sentitzen dute. Latzena erabakia hartzea izaten da. Gerora, behin erretzeari utzitakoan konturatzen dira beldur horrek ez zuela hainbesteko oinarri finkoa. Mendekotasun fisikoa handia bada, ordea, lehenbiziko egunak izaten dira okerrenak. Hala ere, kasu bakoitza ezberdina da. Azkenean, bakoitzak modu jakin batera bizi baitu prozesua. Bada, ordea, kasu gehienetan errepikatzen den ezaugarri bat: erretzeari utzi eta bizpahiru hilabetera krisi modukoa izaten dute. Sentitzen dute dagoeneko mendekotasunari aurre egin diotela, egoera kontrolatzen dutela eta gustura sentitzen dira. Sentsazio horren ondoren, honako esaldia datorkie burura askotan: Bat erretzeagatik ez da ezer gertatuko. Behin utzi badut, nahi dudanean utziko dut berriz ere. Euren buruei nolabaiteko tranpa hori egiten diete. Horretaz kontziente izatea eta pentsamendu hori etortzeko arriskua badagoela jakitea nahitaezkoa  da aurre egin eta erre gabe jarraitzeko. Erretzeari utzi eta berriz ere bueltatzea erraza da, orduan. Zein gomendio ematen dizkiezu erretzaile ohiei mendekotasun horretan berriz ere ez erortzeko? Dependentzia bat baldin badago, ezin da horrekin jokatu. Ez da kontrola edo ez kontrola; erretzen da ala ez da erretzen. Mendekotasunetan ez dago bitartekorik.  Horregatik, pentsamendu hori alde batera utzi behar da eta erretzeari uztea posible dela argi izan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide