Corrugados Azpeitiako LAB eta ELAko enpresa batzordekoek gaur agerraldia egin dute.
Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeak "eskualdeko etorkizun industrialaren alde" hilaren 20rako manifestaziora deitu du, 12:00etan herriko plazatik irtenda. Gaur Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko ordezkariek azaldu dutenez, Alfonso Gallardo Taldeak lantegia ixteko erabakia hartuta zuela esan zienetik, ez dute berririk jaso. "Oraindik enpresa ixteko espedientea ez digute aurkeztu eta ez dakigu noiz egingo duten", esan dute. Hala ere, horren zain gelditu beharrean, lanpostuen defentsan lanean segituko dutela berretsi dute.
Corrugados Azpeitia eskualdean "erreferentea" izan da, "Gallardo Taldeak erosi baino lehenagotik ere hala zen, eta gaur egun ere enpresa traktorea izaten segitzen du". Azpeitiko planta ixteak ehunka familiri eragingo dio, "itxieraren eragina ez dute bakarrik enpresako 300 langilek jasango, zeharka ehundik gora langileri ere eragingo dio: industria laguntzaileei, zerbitzuei, merkataritzari, ostalaritzari... Enpresa hau ixteak ehunka familia diru sarrerarik gabe utziko du, datozen belaunaldietako gazteak erretiratutako langileak ordezkatzeko aukerarik gabe lagako ditu eta krisia gaindituta denok espero dugun hazkunde ekonomikoa murriztea eragingo du". Enpresa ixteko alde bakarreko erabakiak, "eskualdearen eraldaketa estrukturala" ekarriko du Corrugados Azpeitiako langileen ordezkarien arabera.
Horregatik guztiagatik Extremaduratik Azpeitiko planta ixteko hartutako erabakia "onartezina" da, "are gehiago, enpresa honek diru publikoa jaso duenean eta inongo kosturik gabe erabakitzen duenean. Urrutitik hartutako erabaki honen atzean etorkizun beltza datorkigu".
Dena den, Azpeitiko plantak Gallardo Taldearen barruan edo kanpoan etorkizuna duela uste dute langileek. Ordea, hori bermatzeko instituzioen papera garrantzitsua izango da. "Gallardori enpresa zabalik mantentzeko exijitu behar diote instituzioek, eskainitako 300.000 tonako produkzioa ekarriz eta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako gestioei esker 150.000 tona ekoizteko lortutako aukera gauzatzeko eskatuz". Horrez gain, Gallardori "enpresaren etorkizunarekin jokoan ez segitzeko" inbertsorea edota eroslea bilatzeko eskatu behar zaiola uste dute langileek.
Negoziazioa denbora irabazteko
Azpeitiko planta ixteko erabakia Gallardo Taldeak aurretik hartuta zuela uste dute langileen ordezkari sindikalek, eta negoziatzen jardun duten bitartean nagusiak "denbora irabazten" jardun dutela salatu dute. Negoziazio prozesuan enpresak borondate falta izan duela kritikatu eta "negoziazio mahaitik kanpo beste helburu batzuk zituela" konturatu direla diote. "Aurreneko momentutik bideragarritasunarekin eskatutako konpromisoari muzin egin dio enpresak. Beti hitz hutsalekin erantzun du, konpromisorik hartu gabe. Enpresak onartu du komiteari egindako azken proposamena ez zitzaiola komeni". Langileen ustez jarrera hori era bakarrean ulertu daiteke, enpresa bitartean Getafeko plantako arazoak konpontzen ari zen eta denbora irabazteko Azpeitiko Enpresa Btazordearekin negoziazioa "bizirik" mantentzen saiatu da 300.000 tonako lan karga eskainiz. "Alfonso Gallardok hitza jan eta lantegia ixteko erabakia publiko egin du. Erabakia aurretik hartuta zeukan".
"Etorkizuna jokoan dagoelako", Azpeitiko planta ixteko erabakiari aurre langileekin batera, herritarrek eta instituzioek egin beharko diotela uste dute Corrugadoseko langileek. Beraz, hilaren 20rako deitutako manifestaziorako deia egiteaz gain, eskualdeko udaletan itxieraren aurkako mozioa sartu dute.