Aste Santuko oporraldiak turismo denboraldiari hasiera eman dio eskualdean, eta bisitarien nahi eta beharretara moldatzeko, Zumaiako
flysch-a bere baitan hartzen duen Euskal Kostaldeko Geoparkeak eskaintza turistikoa zabaldu du. Berrikuntzen artean daude haurrei zuzendutako txango bereziak, Flyscheko Portuak izeneko proposamen berria, atzerriko bisitarientzat informazioa ingelesez eta frantsesez ematen duten audio gidak, edota Geoparkean bertan ekoiztutako produktuak biltzen dituen otarra.
Javier Beristain azkoitiarraren argazki honek Euskal Kostaldeko Geoparkeak I. Argazki Lehiaketa irabazi zuen (Javier Beristain)
Lehengo bizimodua
Zumaia, Deba eta Mutrikuko kostaldeak eta ondare naturalak osatzen dute Geoparkea. «Geoparkea ezagutzeko bisitetan zientzia, natura eta kultura uztatzen dira», azaldu dute bertako teknikariek. «Ildo horretatik, aurten berrikuntza modura beste proposamen bat gehitu diogu eskaintzari, Flyscheko Portuak izenekoa. Bisitariek itsasontziz egingo dute zeharkaldia Zumaiatik Mutrikuraino. Bidaia horretan garai bateko bizimodu, ohitura eta ekonomia jarduera esanguratsuenak erakutsiko zaizkie bisitariei; ontzigintza Zumaian, merkataritza Deban eta balearen arrantza Mutrikun», azaldu dute Geoparkeko teknikariek.
Haurrak ere ‘flisch’-ean
Umeei zuzendutako txango bereziak ere antolatuko ditu Geoparkeak denboraldiarako. Izan ere, Flyscha Haurrentzat izeneko esperientziaren bidez etxeko txikienek «
flysch-aren mundu zirraragarriaz» gozatu ahalko dute.
Lehenbizi haurrei egokitutako bisita laburra egingo dute, eta jarraian txikienek «geologia tailer dibertigarri batean parte hartuko dute».
Bisitari atzerritarrentzat
Gero eta gehiago dira Euskal Herria oporraldia igarotzeko aukeratzen duten atzerritarrak. «Deba, Mutriku eta Zumaiako turismo bulegoetan jasotako datuen arabera, 2012an atzerriko turisten kopurua %16 hazi zen». Hori ezagututa, aurten lehen aldiz Deba eta Zumaia arteko
flisch-a ezagutzeko txangoan ingelesez eta frantsesez audio-gidak eskainiko zaizkie bisitari atzerritarrei.
GeoGourmet otarrak
Geoparkearen eskaintza turistikoa hobetzeko gastronomia ere txertatu dute eskaintzaren baitan. «Landa garapenaren eta bertako produktuen aldeko apustu sendoa egin dugu. Horrela, lurraldean bertan ekoiztutako kalitate goreneko landa eta arrantza produktuez osatutako GeoGourmet otarrak eskaintzen hasi gara», azaldu dute ordezkariek. Bi otar mota jarri dituzte salgai. Lehena Idiazabal jatorri izena duen ardi gazta zati batek, Getariako Txakolin botila batek eta oliba oliotan kontserbatutako hegaluzeak osatzen dute, eta 20 euroko prezioa izango du. Bigarrenak, sagardo ekologiko botila bat eta Idiazabal jatorri izena duen ardi gazta zati bat biltzen ditu, eta 13 euroko prezioa izango du.
Zumaia, Deba eta Mutrikuko turismo bulegoetan eskura daitezke. Bisita gidatuen sarrerak erosten dituztenei otarra erosteko garaian euro bateko deskontua egingo diete.