Argazkilaritzaren ikuspegiak

Aritz Mutiozabal 2013ko apirilaren 10a

Photomuseum Argazki eta Zinema Museoak duela 21 urte ekin zion bere bideari. Orduko hartan, argazkilaritzari eskainitako museo bereizitu baten proiektuaren aurkezpenarekin batera, estreinako Argazki Bilera antolatu zuten. Harrezkero, udaberriko ohiko kultur hitzordu bihurtu da, eta, aurten ere, hainbat proposamen aurkeztu dituzte, argazkilaritzaren atzoko nahiz gaurko teknika, genero eta ikuspegiak ezagutzera emanez. Natura eta garapen urbanistikoaren arteko «bizikidetasun zaila» erakusten dute Rafael Ocioren argazkiek, Disonantziak erakusketan. (Argazkia: Rafael Ocio) Zarauzko Argazki Bilera herriko erakusketa areto ezberdinetara zabaltzen da; Photomuseumen ez ezik, Sanz Enea kultur etxeak, Torre Luzea aretoak eta Zarzpi arte galeriak hartu dute parte egitasmoan. Aste Santu bezperetan inauguratu zituzten erakusketak, eta maiatzaren 26a bitartean dago bisitatzeko aukera. Erakusketaz erakusketa Photomuseumen bertan bi erakusketa egingo dituzte; bata bestearen atzetik, alegia. Orain, Bertol Brecht antzerkigile eta olerkari alemaniarraren omenezkoa paratu dute, Berliner Ensemble izenburupean. Berliner Ensemble antzerki taldeak taularatutako Brechten lanen irudiekin osatu dute erakusketa. Apirilaren 30etik aurrera, aldiz, Pierre Petit erretratugilearen Aurpegi entzutetsuak izango da ikusgai. XIX. mendeko Frantziako saloi artistikoak gogora ekarri nahian, 1891ko Arte Aretoa erakusketa hartu du Sanz Enea kultur etxeak bere aretoan. Kasu honetan, 1891­ko erakusketan aurkeztu zituzten margolanak berriz ikusi ahal izan­go dira, Goupil & Cie etxeak sasoi hartan artelan horiei ateratako fotograbatuei eta akuaforteei esker. Jellyfishphoto erakusketako argazkietako bat. (Argazkilaria: Teresa Ormazabal) Torre Luzea erakusketa aretoan Teresa Ormazabal bilbotarraren Jellyfishphoto erakusketa ikus daiteke. Bere argazkiak emultsio-trans­ferentzia teknikaren bidez daude eginak. «Manipulazio-teknika honekin irudiak deformatzerakoan, irudiei esanahi berriak eta plastikotasun handia ematea lortzen dut», nabarmentzen du egileak. Egindako ikerketen eta esperimentuen fruitua da, nolabait esateko. Zazpi galerian, azkenik, Rafael Ocio bilbotarraren Disonantziak jaso dute. Natura eta garapen urbanistikoaren arteko «bizikidetasun zaila» erakusten dute haren argazkiek. Era berean, ardura berezia eskaintzen dio gaiari, ingurumena hondatzeagatik eta denbora pasa ahala uzten dituen ondorioengatik. Izan ere, Ocioren zuri-beltzezko irudiek ustekabeko objektu bat espazio anonimo batean erakusten dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide