Bukatu da 2013ko Gipuzkoako batelen liga eta emaitza onak lortu ditu Orio Arraunketa Elkarteak. Txapelketak izan dituen 7 kategoriatatik 3tan bandera lortu dute oriotarrek: infantil-kadete nesketan, kadete mutiletan eta senior mutiletan. Senior neskek eta jubenil mutilek, bestetik, brontzezko domina zintzilikatu zuten apirilaren 7an Mutrikun.
Arraunlariek denboraldi gogorra izan duten arren, infantil-kadete neskek eta kadete mutilek nagusitasunez irabazi dituzte ia estropada guztiak. Senior mutilek, ordea, 3 puntuko aldea baino ez dute izan bukaerako sailkapenean. San Pedrorekin izan dute lehia estua liga hasi eta bukatu arte, baina, azken lau estropadetatik hiru irabazita, bandera Oriora ekarri dute.
Estropada guztietan ez dute arraunlari berek hartu parte. Hauek izan dira banderak eta estropadak irabazi dituzten neska-mutilak:
– Infantil-kadete neskak: Mireia Uranga, Eider Zubelzu, Itxaso Azkonobieta, Leire Begiristain, Ane Carrera eta Yera Arruti.
– Kadete mutilak: Mikel Uranga, Aritz Fernandez, Eneko Itsaso, Martxel Aldai, Joseba Azkonobieta eta Jon Arriola.
– Senior mutilak: Julen Elizasu, Iker Galartza, Endika Lopez, Josu Makazaga, Mikel Indo, Erik Aranburu, Josu Indo, Xabier Ostolaza, Mikel Azkarate, Xabier Arregi, Andoni Peña, Endika Alberdi, Josu Arruti, Markel Eizagirre eta Unai Lopez.
Datorren hitzordua, Gipuzkoako txapelketan izango dute Orioko arraunlariek, Pasaian, apirilaren 13an eta 14an. Hor onenen artean sailkatzen direnek, astebete beranduago, Euskadiko txapelketa jokatuko dute Legution.