Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Maiatzaren 25ean ospatuko dute Zarauztik Mundura jaia, bizikidetza baketsuaren bitartez, bertakoen eta kanpotik etorritakoen arteko harreman sustatzeko ekimena. Horren harira, kartel lehiaketa antolatu dute. Jakinarazi dutenez, banaka edota taldean hartu ahalko da parte bertan. Baldintza bakarra bete beharko da: 16 urtetik gorako euskal herritarra izatea. Egile bakoitzak gehienez lan bat aurkezteko aukera izango du, originala eta argitaratu gabea, edozein teknikarekin osatua, "beti ere lan horren erreprodukzioa posible bada".
Kartelek jaialdiarekin zerikusia izan beharko du, Zarauzko kulturaniztasuna eta kulturen arteko integrazioa islatu beharko du, eta testu jakin bat jaso, derrigor: Zarauztik Mundura 2013-maiatzak 25/ Fiesta de las Culturas 2013-25 de mayo. Euskarazko testuak lehentasuna izango du, 3/1 proportzioan. Nahi izanez gero, leloren bat gehitu ahalko zaio.
Era berean, leku nahikoa izango du udalaren zein beste erakundeen logotipo ofizialak eta egun horren inguruan antolatuko diren ekitaldien egitaraua bertan txertatzeko. Din A3 formatuan aurkeztu beharko dira, euskarri zurrunean eta markorik edota beira babeslerik gabe. Halaber, sistema informatikoen bidez egin beharko dela jakinarazi dute, eta horrekin batera koloretako bertsioa ere aurkeztu beharko da.
Interesa dutenek apirilaren 23ra bitarteko epea izango dute diseinuak aurkezteko. Horretarako Zarauzko Udaleko Jendarte Zerbitzuetako sailera (Zigordia kalea, 33) jo beharko da astelehenetik ostiralera edota posta elektronikoz bidali, jaranguren@zarautz.org helbidera.
Kartelak sinadurarik gabe aurkeztu beharko dira. Egilearen datuak—izen abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta Nortasun Agiri Nazionalaren kobia—, berriz, kartazal itxi batean helarazi beharko dira. Kartazal horren kanpoaldean kartelaren lema idatziko dute lehiaketara aurkezten direnek.
Epaimahaiak maiatzaren 6a baino lehen jakinaraziko du nor den lehiaketako irabazlea zuzarautz.info webgunearen bitartez.
600 euroko saria
Sari bakarra emango dute, 600 eurokoa. Era berean, diseinua jaialdia sustatzeko baliatuko dute, hala nola, eskuorrietan, elastikoetan, web orrian eta bestelakoetan. Behin saria emanda, Zarauzko Udalak lana erabiltzeko eta ustiatzeko eta oraingo zein etorkizuneko esukarri guztietan lan saritua erabili, moldatu eta zabaltzeko eskubidea ere izango du.
Lehiaketara aurkeztutako lanekin erakusketa osatuko dute maiatzaren 25erako.