Josu Uranga (Natur Taldea): ““Edukiontzi berdean bakoitzak nahi duena botatzeko aukera dagoen bitartean ez dago zer eginik”

Baleike 2013ko apirilaren 4a

Gizarteari erabaki bat hartzeko garaia iritsi zaiola uste dute Natur Taldean: orain arte bezala jarraitu eta zaborrak erraustu; edo ahalik eta ondoen sailkatu ahalik eta gehien birziklatzeko.Zuek atez ateren alde zaudete. Zergatik? Natur Taldeak hausnarketa egin zuen hondakinen gaiaren inguruan. Ondorioetako bat izan zen gaur egun ezin duela izan borondatez egiten den zerbait. Lehen leihotik botatzen zen zaborra, baina une batean ikusi zen horrela ezin zela jarraitu, aldatzeko erabakia hartu zen eta zabortegiak sortu ziren. Orain beste aldaketa bat egiteko momentuan gaude. Europak dio zabortegien eredua bukatu dela, eta gure lurraldean lekurik ere ez dago. Aldaketa honetan posizio bat hartu behar da. Iruditzen zaigu jendeak hori ez duela garbi. Bi posizio daude: orain arte bezala zaborra sortu batere kezkatu gabe eta ondoren erretzea; edo, beste aukera da ahalik eta sailkapen onena egin eta ondoren hori ahalik eta gehien birziklatzea. Hor aukeratu egin behar da. Atez ate tasa oso altuak bermatzen ditu. Baina gu ez gara sistemarekin itsutuko. Beste sistema batek emaitza hori ematen badu, aurrera. Mundu guztia ez al dago, bada, ahalik eta gehien birziklatzearen alde? Diskurtso hutsa da, baina hor ere onartu behar da bilakaera bat egon dela. Gaur egun gizartean ondo ikusia dago esatea birziklatzen duzula. Hori irabazitako [...]

Gizarteari erabaki bat hartzeko garaia iritsi zaiola uste dute Natur Taldean: orain arte bezala jarraitu eta zaborrak erraustu; edo ahalik eta ondoen sailkatu ahalik eta gehien birziklatzeko.Zuek atez ateren alde zaudete. Zergatik?

Natur Taldeak hausnarketa egin zuen hondakinen gaiaren inguruan. Ondorioetako bat izan zen gaur egun ezin duela izan borondatez egiten den zerbait. Lehen leihotik botatzen zen zaborra, baina une batean ikusi zen horrela ezin zela jarraitu, aldatzeko erabakia hartu zen eta zabortegiak sortu ziren. Orain beste aldaketa bat egiteko momentuan gaude. Europak dio zabortegien eredua bukatu dela, eta gure lurraldean lekurik ere ez dago. Aldaketa honetan posizio bat hartu behar da. Iruditzen zaigu jendeak hori ez duela garbi. Bi posizio daude: orain arte bezala zaborra sortu batere kezkatu gabe eta ondoren erretzea; edo, beste aukera da ahalik eta sailkapen onena egin eta ondoren hori ahalik eta gehien birziklatzea. Hor aukeratu egin behar da. Atez ate tasa oso altuak bermatzen ditu. Baina gu ez gara sistemarekin itsutuko. Beste sistema batek emaitza hori ematen badu, aurrera.

Mundu guztia ez al dago, bada, ahalik eta gehien birziklatzearen alde?

Diskurtso hutsa da, baina hor ere onartu behar da bilakaera bat egon dela. Gaur egun gizartean ondo ikusia dago esatea birziklatzen duzula. Hori irabazitako borroka da. Baina oraindik jende askorentzat diskurtso hutsa baino ez da. Denek birziklatzen dute hasieratik, betidanik. Baina hori ez da errealitatea. “Duela urte askotatik bereizten ditut papera, ontzi arina, beira, organikoa, baina orain eskatzen ari naiz ezer ez egitea…” Hori ez da ulertzen.

Mahaian ikusten duguna hori da. PNV guztiaren kontra dago, baita alkatearen alkondararen kolorearen kontra ere… Beraien proposamena da gaur egungo sistema potentziatzea, baina badakite aitzakia hutsa dela. Edukiontzi berdean bakoitzak nahi duena botatzeko aukera dagoen bitartean ez dago zer eginik.

Baina EAJk ere onartzen du betebeharra dela eta kontrolatzeko bideak jarri beharko direla.

Diskurtso hori bileratan aldatzen joan da. PNVk ordenantzaren proposamena ere egin du, baina ez da zehazten. Galdetu zaienean ea ondo irudituko ote litzaiekeen zu poltsa botatzera zoazela udaltzainak alto eman eta poltsa ikuskatzea, erantzuten dute beharrezkoa bada baietz; baina poltsa zintzilikatzea eta teknikoak ikustea ez? Hori ez da ulertzen.

Plataformak 4.000 herritarren sinadura jaso du. Gobernuak aintzat hartu beharko al lituzke?

Plataformak sinadurak eskatu zituen atez atekorik ez eta zintzilikariorik ez esanez, eta orain diote hor ezin dutela atzera egin. Sistema mistoari ezetz esan diote. Zero Zaborrena ere gaizki. Hasierako posiziotik ez dira mugitu, bosgarren edukiontzia ez dela nahikoa potentziatu, gauzak gaizki egin direla. Guk uste dugu gauzak egin direla eta kontzientziazioaren bidea ez dela batere erraza. Baina gizarte hau badakigu nolakoa den, lagatzen badigute 180ko abiaduran goaz isunak jaso arte.

Orain, atez ate jartzea horrelako kontrako jarrerarekin agian ez da zentzuzkoena. Egon daitezke 500 pertsona boikoteatzeko prest. Hori baino hobeto litzateke beste sistema bat, adostutakoa. Zero Zaborrena onartuko balukete, seguru hobeto joango litzatekeela atez aterekin baino gaur egun dagoen zalapartarekin. Baina baita gaur egungo sistemarekin ere. Baina konpromiso eta epe garbiekin, denok erabat konprometituta sistemari zuku guztia ateratzen. Denon artean, ez dezala gero inork esan ez zuek ez duzuela egiten. Konpromiso batekin. Plataformak bere indarra badauka, baina alkateak ere bai. 4000 mila sinadurak jartzen dira mahai gainean behin eta berriro, eta gutxietsi egiten da alkatearen eta udal gobernuaren lejitimitatea.

Galdeketaren inguruan zer iritzi daukazue?

Guri moralki edo kontzientzian pixka bat izorratzen digu betearazi behar izateak, baina pentsatzen dugu hala behar duela. Neurriak hartu egin behar dira. Gaur egun gauden puntuan galdeketarena manipulazio politikoa da. Galdeketa zer egin behar da honetaz bakarrik? AHTri buruz ez da egin behar? Eta zer galdetu behar da? Atez ate nahi dugun edo orain arte bezala jarraitu nahi dugun? Hori gezurra da. Errauskailua nahi dugun ere galdetu behar al da? Gerra politikoa da.

Nork bultzatu du gerra hori?

Atzetik PNVren bultzada dago. Saldu duten mezua oso erraz iristen da jendearengana. Zuk zer nahi duzu, sistema bat derrigortzen zaituena ordutegi batera, gaika sailkatzera, eta abar… edo orain arte bezala jarraitu nahi duzu?. Klaro, orain bezala. Baina ez da egia. Orain bezala ez du balio. Hori ari dira saltzen, eta tranpa da. Eta bestaldetik, nik uste dut Bilduk ez dituela indarrak ondo neurtu.

Baina zergatik ari dira tranpetan?

Bilduri min egiteko aukera ikusi dutelako. Atzean arrazoi politikoak daude, eta babesa ematen zaio mugimendu honi. Eta gero hori nahastu da leku guztietan dauden ezin ikusiekin; jende askok ezin du onartu Bilduk ezer agintzea. ETA oraindik hor dago. Duela gutxi arte hauek “ETAkoak” ziren. “Hauteskundeak irabazi dituzte baina betikoak dira”. Hori da mezua.

Eta bestetik, ezin dute onartu Ezker Abertzaleak horrelako arazo bati konponbidea jartzea. PNVk arrisku hori ikusi du eta borroka hasi da. Eta mezua oso erraza da, populista. Seguru nago poltsa jarrita daukaten askok ez dakitela gaia zertaz doan. Zikina dela, usain txarra… Mezu hori saltzen diete. Argudioak patetikoak dira: zikina delako, zatarra delako, ordutegiak… Dagoen arazoarekin, horiek badira argudioak, ez dago eztabaidarik.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide