Hondakinak gaika biltzeko sistemarik eraginkorrena defenditzen du Zero Zaborrek, errauskailua ekiditeko.Atez ateren kontra daudenek inposaketaz hitz egiten dute, eta galdeketa eskatzen du. Zuek nola ikusten duzue gai hau?
Iruditzen zaigu PNV jolasean ari dela: “Esango dugu gaika biltzearen alde gaudela, kontrola bermatu behar dela, baina ez gara sartuko eskuak zikintzera nola kontrolatu”. Eskatu genien kontrol hori nola egin zehaztu behar zela. Hori da bilketa sistema berri bat jartzea. Gaurkoaren arazoa zein da? Kontrol eza, hain zuzen ere. Beraz, kontrolaren beharrean ados bagaude, ikus dezagun nola egin. Baina ez dute erantzuten. Adibidez, galdetu genien: Ados zaudete ni poltsa botatzera noanean udaltzainak kontrolatzearekin? Horrekin, adibidez, ados zeuden. Hor ni galdu egiten naiz… Guk kontrola eta identifikazioa aipatzen ditugunean ez zaie gustatzen, baina udaltzainak edo antzeko beste pertsonal bat jartzea herrian zehar uneoro kontrolatzen hondakinak ondo botatzen diren edo ez, hori bai… Horrek hankaz gora jartzen ditu beraiek atez ateren kontra egiteko erabiltzen dituzten arrazoi guztiak: bai ekonomikoak, bai intimitatearena, askotan esaten duten inposaketarena… Proposatzen bada galdeketa egitea birziklatze tasa altuak (%80 inguru) ahalbidetzen dituzten sistemen artean, hori beste historia bat da. Baina inposatzailea bere jarrera ere bada. Proposamen hori? Ez dugu nahi. Beste zerbait planteatu eta hori ere ez dugu nahi. Gurea edo borroka daukagu. Hori da planteamendua. Udal Gobernuak, nik ikusi dudanagatik, borondatea dauka adostasunerako. Eta frustrazio handia jasotako erantzunekin.
Baina Plataformak 4.000 herritarren sinadurak bildu ditu, gehiengoaren babesa du. Hori ez al da aintzat hartu behar?
Informazio sesgatuaren ondorioa da, herrian bertan jaso dutena eta komunikabideetatik jaso dutena. Atez ateren kontrako jarrerak oihartzun ikaragarria dauka eta horren aurrean ezin dugu ezer egin. Saiatu gara erakusketan egiten, bideo emanaldiak egiten, hitzaldiak… Oso jende gutxi etorri da. Nik badakit hitz egiten hasten garenean arrazoi asko lurperatzen ditugula. Sekulako beldurrarekin etortzen da jendea, zentzurik gabekoak, baina informazio sesgatuarekin sortu diren beldurrak dira. Penagarria da, baina jendeak gauzak nola diren benetan jakingo balu gaur egun poltsa aterata daukan askok atzera egingo luke. Erraustegia eta politika aldera batera utzita ere, hori ere hor baitago, baina arrazoiak ezagututa beldurrak desagertu egiten direlako.
Goraipatzen dute beraien lanaren ondorioz lortu dela %42ko kopurua abenduan. Guk ez dugu balorazio hori egiten. Hori lortu bada gehiago da mamu bat dagoelako: “Hasi zerbait egiten, bestela atez atekoa dator eta. Ea erakusten diegun bost edukiontziekin gai garela gaika ondo biltzeko eta horrela ez digute atez atekoa jarriko. Mamua desagertuko balitz, gure beldurra da kopuru horiek jaitsi egingo liratekeela.
Atez ate eta errauskailua ez al dira bateragarriak? Azken finean, errefusari irtenbidea emateko aukera bat da.
Kontua ez da hondakinak gaika bildu behar dira bestela erraustu egin behar direlako; hondakinak gaika bildu behar dira materia hori erabili egin behar delako. Kontua da erraustegi bat dagoen momentuan gaika biltzeari jartzen zaion indarra desagertu egiten dela, azken finean, erraustegi horrek materiala behar duelako. Gaika bildu egin behar da, eta borondatea edukitzeko modu bakarra da erraustegia ez edukitzea, bestela oztopo bat bihurtzen da.
Eta erraustegi txikiago bat egingo balitz? Soilik errefusa errausteko?
Ezin da erre. Erraustegi batek balio kalorifikoa lortzeko ontzi arinak, papera eta organiko lehorra behar ditu. Baina batez ere, papera eta ontzi arinak. Hori behar duen fabrika handi bat daukazuenan eskean, zuk ezin duzu materia hori desagertarazi zirkuitotik. Bakarrik baldin badaukazu hautsa, pardel batzuk… Ez daukazu balio kalorifiko nahikoa erraustegi bat mantentzeko. Ezinezkoa da erraustegi bat errefusarekin bakarrik mantentzea. Ez dago inon.
Eta errauskailurik gabe, zer egin errefusarekin?
Errefusa bakarrik uzten baduzu, horrek ez du kutsatzen, ez du usainik botatzen, ez du ur zikinik sortzen… Materia inertea da. Hori pilatu daiteke berreskuratu nahi diren parajetan (harrobiak…). Horretarako erabiltzeko proposamena egiten du Aldundiak. Horiek ez dira zabortegi kontsideratzen.
Baina errausketak hondakinetatik energia eskuratzea ahalbidetzen du.
Energetikoki ere birziklatzea errentagarriagoa da, merkeagoa delako erabilitako materiala birziklatzea naturatik baliabideak hartu eta berria sortzea baino. Eta errauskailua defenditzen dutenek ezkutatzen dutena da errauskailuak ere hondakinak sortzen dituela, %20tik gora. Eskoria eta errauts toxikoak dira, tratamendu berezia eskatzen dutena. Erraustegian ez da prozesua amaitzen. Zabortegi bereziak behar dira. Beraz, gure iritziz, arazoa larriagotu baino ez du egiten. Eta bitxia da, sortzen dituen hondakinak errefusa adina baitira. Jendeak ez daki egia guztia, baina beraiek bai.
Errauskailuaren aldekoek ahalik eta gehien birziklatzearen alde daudela diote.
EAJk proposatu zuen Zubietako erraustegia aurreko legegintzaldian. Beraiek planetatu zuten guztia, beraiek kalkulatu zuten zenbat erre behar zen, eta beraien tauletan agertzen da zenbat ontzi arin, zenbat paper, zenbat arropa erre behar diren, eta ikaragarrizko kopuruak dira. Hori beraiek proposatu dute. Hori aurreko planak jasotzen du. Oraingo Aldundiak aldatu egin du, errauskailua kendu da eta beste azpiegitura batzuk planeatu dira. Beraz, pixkat ikertzen hasten zarenean ohartzen zara batzuk benetan ez dutela nahi konponbidea, ez daudela ahalik eta gehien birziklatzearen alde, eta mahai batean esertzen zarenean adostasun batera iritsi nahian oztopoak handiak dira. Jartzen zaizkigun arrazoiak ez zaizkigu arrazoizkoak iruditzen adostasuna pikutara bidaltzeko. Etsigarria da.