Indibidualismoa hauspotuz jendearen erreakzio irrazionalenak piztea oso erraza dela dio Iñaki Agirrezabalaga alkateak. Horren aurrean, Udal Gobernuak garbi omen du “denon hobebehearraren alde” hartuko dituela erabakiak.
Plataformak lau mila sinadura bildu zituen atez ateren kontra. Nola baloratzen duzue?
Hondakinen arazoa irudi kolektibotik ikusten duzu edo norbanakoaren ikuspegitik ikusten duzu. Indibidualismoari heltzen badiozu, hain da erraza esatea zuk eskubide batzuk dituzula, zure zaborra kontrolatu nahi dutela, zergatik behartu behar zaitu inork hau edo bestea egitera… Mezu hori oso erraz iristen da jendearengana. Jendeak esango du, nor dira horiek niri esateko nire etxeko sukaldean zer eduki behar dudan edo ez. Oso erraza da horri su ematea, jendearen erreakzio irrazionalenak piztea. Eta zenbait eragile, oso indartsuak, horretan ari dira, mezu hori hauspotzen. Zergatik? Nire buruari ere galdetzen diot. Zergatik daude alderdi politiko batzuk eta hedabide indartsu batzuk horri eragiten? Galdera ona da.
Kolektibotasuna galdu egiten da. Arrakasta hor dago. Eta gero politika sartzen da. Bilduren proposamena da eta horren aurrean beste indarrak batu egiten dira aurre egiteko. Berdin zaie proposamena ona den edo ez. Denek bat egiten dute.
Baina Udalak ez al du aintzat hartu behar herritarren kontrako jarrera hori erabakiak hartzeko orduan?
Kontuan hartu behar da, dudarik ez, eta horretan ari gara mahai honetan. Baina ez dugu zalantzan jarriko denon hobebeharrearen alde ari garela lanean, kolektiboaren alde. Eta garbi daukagu hori zer den: errauskailurik ez egitea gizarte osasuntsua izan dezagun eta ahalik eta gehien birziklatzra sistema iraunkorra izan dadin.
Inposaketa da Bilduri leporatzen zaiona. Bilduk ondo kudeatu al du gai hau?
Hor garbi esan behar dugu, hori autokritika egiteko gaia da. Ez dut uste hasieratik mezua ondo helarazi genuenik. Eta adibide garbia da iazko otsaileko prentsaurreko hura. Ez zen eredugarria izan. [Gipuzkoako hainbat herritan 2013ko udaberrian atez ateko sistema ezarriko zela iragarri zen prentsaurreko hartan]
Merezi du atez ateko sistema jartzea jende gehiena aurka dagoela jakinda, horrek boikoterako duen arriskuarekin?
Hori kezkagarria da, dudarik ez dago. Horregatik, jakinda herrian zer dagoen, beste planteamendu batzuk egin ditugu, ez dugu Usurbilgo sistema proposatu; baina helburuak garbi dauzkagu. Ez dugu zalantzan jarriko denon hobebeharra. Inposaketa aipatzen denean ez dakit zergatik aipatzen den atez atekoa inposaketa dela; batzuk negoziatzeko prest gaude, baina beste batzuk ez eta haiek ari dira inposatzen bosgarren edukiontzia. Hori inposaketa da, horren ondorioa baita errauskailua egin beharra. Eta bestea: inposaketa esaten da, baina bileretan nahikoa garbi gelditu da denok ados gaudela, modu batera edo bestera kontrola behar dela.
Dirurik ba al du Udalak atez ateko sistema martxan jartzeko?
Horretan ari gara, baina printzipioz bai.
Baina aurrekontuetan gorde al da dirurik?
Ez, baina lanketa horretan ari gara, Udal Elkartearekin.
Udal Elkarteko beste herrietan aukerarik ikusten al duzue atez atekoa jartzeko?
Zarautzen ere hondakinen mahaia eratu da. Orion eta Getarian beste azterketa bat ari dira egiten.
Gipuzkoa osoan atez ateko sistema bat jartzeko aukerarik ez da ikusten. Beraz, herri batzuek egingo dute eta beste batzuek ez. Nola kudeatuko da hori? Zer egin hainbeste sailkatzen ez duten herrietako hondakinekin?
Hori Aldundiaren plan berriak aurreikusita dauka. Aldundiak %60ko helburua jarri du Gipuzkoarako 2016an, eta hor kontuan hartzen da batzuk %80 lortuko dutela eta beste batzuk behetik. Horri aurre egiteko plana idatzita dago, errauskailurik gabe. Baina horretara iristeko, zenbat eta herri gehiago sartu atez ateko sistema batean, hobe. Adibidez, esaten denean Alemanian %60-70era iristen direla, esan behar da hori ere batazbestekoa dela.
Orduan, gipuzkoar batzuek %80 sailkatuko dute gaika, eta beste batzuek %40.
Bai, baina garbi esan behar da batzuek eta besteek ordaindu beharreko zergak ez dira berdinak izango. Gutxiago sailkatzen duenak askoz gehiago ordaindu beharko du, bere hondakina kudeatzea askoz garestiagoa izango delako. %30 biltzen duen herri batek zerbait pentsatu beharko du, tasak izugarri garestituko zaizkiolako.
Zergatik %80?
%77 lortzen bada ere oso emaitza ona da. Usurbilen %90 lortzen ari dira. Kopuru hori ematen da gaur egun egingarria delako, eta Gipuzkoarako %60ko batazbestekoa lortzeko beharrezkoa delako herri batzuk kopuru horietara iristea.
Herritarren parte hartzea da zuen politikaren ardatzetako bat. Hondakinen auziaz zergatik ez duzue onartzen herri galdeketarik?
Galdeketa egiteko aurrena adostu behar da zer galdetu.
Batzuek garbi daukate: atez ate bai edo ez…
Guk ere garbi daukagu beste galdera bat: errauskailua bai edo ez. Bosgarren edukiontziari eutsi eta zure herrian errauskailu bat egitearen alde al zaude? Adibidez. Hori baldin bada galdera…